Maiatzeko aurreikuspena hobetu eta agindutakoa baino 22 milioi gehiago jasoko dute Gipuzkoako udalek Foru Funtsatik, aurrelikidazioaren arabera

2020/10/22
Diru gehigarri hori azaroko edo otsaileko ordainketan aplikatuko ote den ez da zehaztu

  Covid-19ak eragindako konfinamenduaren ondorioz, maiatzean zuzendu zuen Gipuzkoako Diputazioak Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa eta udalek otsailean agindutakoa baino %20 gutxiago jasoko zutela erabaki zuen. Alde bakarrez hartutako erabaki horrek eta, bereziki, urtean bertan, maiatzetik aurrera egindako ordainketetan aplikatu izanak hainbat Udalen kexa eragin zuen. Baita Oñatiko udalarena ere. Orain, urrian, urtero egiten den aurrelikidazioa egin berri da eta murrizketa %14-15ekoa soilik izan daitekeela jakinarazi zaie alkateei. Horrek esanahi du, maiatzetik aplikatzen ari ziren ordainketekiko 22 milioi gehiago bideratu daitezkeela, beti ere, urtea orain arteko diru sarreren mailan amaitzen badu Foru Ogasunak.

  Maiatzean, Oñatiko udalak agindu baino 1.650.000 euro gutxiago jasoko zituela jakinarazi zen baina baliteke 341.000 euro berreskuratu ahal izatea. Kasu horretan, urte hasieran agindutakoaren % 84a edo jasoko litzateke, hau da, 1.309.000 euro gutxiago.

  Urriko aurrelikidazioa egiterakoan ikusi den gehikuntza hori noiz aplikatuko den ez da jakinarazi. Maiatzeko errebisioa berehalakoan aplikatu eta maiatza eta abuztuko ordainketetan gauzatu zen bezala, aurrelikidazioa ere azaroan gauzatuko ote den edo otsailean egingo den behin betiko likidazioaren ondoren gauzatuko den argitzeko dago, Aldundiko ordezkariek ez baitute halako xehetasunik eman. Batera edo bestera, espero ez zen diru kopuru hori ongi etorria izango dela adierazi digu Izaro Elorza alkateak, udalek ere, ezohiko esfortzu ekonomikoa egiten ari baitira, pandemiak bereziki zaurgarri bihurtu dituen herritar eta kolektiboei laguntzeko. Dena den, Elorzak garbi dauka oraingoa aurreikuspen bat besterik ez dela eta behin betiko likidazioa, eta ondorioz, aplikatuko den azken eragiketa, otsailean egingo dela.

  Oñtiko Udalak foru funtsetik 8.178.457 euro jasoko zituela agindu zen otsailean baina, egin berri den aurrelikidazioaren arabera, 7 milioi ere ez lituzke jasoko, konkretuki, 6.942.570 euro jasoko lituzke. 2020ko aurrelikidazioa jakinarazi ez ezik, 2021eko foru funtsaren banaketaren aurrerapena ere egin zaie udal arduradunei, eta horren arabera, Oñatik, 7.656.624 euro jasoko ditu. Aurrelikidazioan kalkulatutakoa baino 714.000 euro gehiago, baina aurtengorako iragarri zena baino 500.000 euro gutxiago.

Iturria: Oñati Irratia