Luzatu egin da uda kanpainan kirol begirale izateko izen-ematea

2017/04/11
Card image cap
Izena apirilaren 20ra arte eman daiteke udal bulegoetan

  Ostiralean amaitu zen hasieran finkatutako izen-emate epea. 24 lagun aurkeztu ziren epe barruan baina batzuek eskatutako  baldintzak betetzen ez dituztela eta prozesutik baztertu daitezkeela aurre ikusita, izen- emate epe berri bat zabaltzea erabaki da. Hautagai berriak apirilaren 20ra arte aurkeztu daitezke.

  Izen-emate epea luzatu den arren, bete beharreko baldintzak bere horretan mantentzen dira. Hau da, uda kanpainan kirol begirale izateko oinarrizko lau baldintza bete behar dira: kirolarekin erlazionatutako formakuntza akademikoa izatea, 18 urte beteta izatea, euskaraz ondo berba egitea eta aurten lehen aldiz, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa aurkeztea. Eskalada indoor eta patinajea begirale izateko bestalde, esperientzia ere eskatzen da.

  Udalak bere aldetik, ekainaren 26tik uztailaren 21era arteko lan kontratua eskaintzen du. Hilabete eskaseko tarte horretan bete beharreko lanaldia, udalak ezartzen duen zerbitzuaren araberakoa izango da. Halaber, hautatzen diten lagunek zerbitzua antolatu eta azken ebaluazioa egiteko saioetara joan beharko dute, ekainaren 19 eta uztailaren 26an.

  Ohikoa denez, mini-tenis, tenis, squash, badminton, paleta, eskupilota, jolasak, eskalada indoor, kirolanitza, mendiko bizikleta eta patinaje begiraleak aldi baterako kontratatuko ditu udalak, uda kanpainako eskaintza bete ahal izateko. Orain arte izena eman ez baina interesa duen orok apirilaren 20ra arteko epe berria dauka eskaerak udal bulegoetan aurkezteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!