Ludoteka ibiltaria ekimenari eusten zaio

2021/02/15
Lau larunbatetan, eta herriko beste hainbat txokotan, tailer eta jolasak egingo dira haurrentzat

  Ludoteka ibiltaria ohiko eskaintza bihurtu da gurean, udaberriko hilabeteetan. Aurten ere ekimenari eustea erabaki dute Txalokako lagunek, zortzigarren urtez. Iaz, hasi-hasi zen baina zenbait saio bertan behera utzi ziren, pandemiak hala eraginda. Aurtengo eskaintza iragarri berri dute, hasierako helburua gogoan: ludotekako jarduna auzoetara zabaltzea. Horren haritik, otsaila, martxoa, apirila eta maiatzeko larunbat banatan hainbat ekintza egingo dira Foruen enparantzan, Errementari plazan, San Martinen eta San Anton plazatxoan.

  Ludoteka ibiltariaren lehenengo irteera zapatu honetan egingo da Foruen enparantzara. Bertan harriak eta hostoak margotzeko tailerra antolatu da. Martxoaren 20an Errementari plazan izango da hitzordua, mahai jolasak eramango dira eta sukalde txokoan ere aritu ahal izango dute neska-mutikoek. Apirilaren 17an San Martinen egingo da ludoteka ibiltaria. Espazio horretan ekintza ezberdinak egingo dira eta natur elementuak baliatuko dira, slike line izango da eta platilinarekin sortzeko tailerra ere egingo da. Azkenik, maiatzaren 8an, eta San Migel Txikitako egitarauaren baitan, printzipioz, ludoteka ibiltaria Ona pareko plazatxora eramango da. Aurreko saioetako partaideek proposatutako ideietatik gehiengoak hautatzen duena gauzatuko da azken larunbat horretan.

  Ludoteka ibiltariak pare bat orduko iraupena izango du larunbat bakoitzean, 11:00tatik 13.00era. Zita lekura hurbiltzen diren 3 eta 8 urte bitarteko haur guztiek parte hartu ahal izango dute. Horrek esanahi du ekitaldiak guztiz irekiak direla eta parte hartzeko ez dela aurrez Txalokako erabiltzailea izan behar.

  Ekintzetarako plaza irekiak zehaztu dira, baina badaezpada ordezko lekuak identifikatu dira, euria egingo balu egitasmoa bustitzeko arriskurik gabe bete ahal izateko. Zapatu honetan esaterako, ludoteka ibiltaria plazan iragarri da baina euria egiten badu institutuko arkupetara aldatuko da.

Iturria: Oñati Irratia