Lore apaingarri berriak jartzen ari dira kaleetan

2020/05/11
Card image cap
Geranioak, surfiniak eta begoniez betetako loreontziak zintzilikatzen ari dira

  Kale Barrian hasi dira udako landarez apaindutako loreontzi berriak eskegitzen eta gaur-bihar artean, halako 47 jarriko dituztela adierazi digute lorezaintza zerbitzuko langileek. Kale Barrian ez ezik, Foruen enparantzan, kale Zaharrean eta Unibertsitate etorbidean daude halako loreontzi apaingarriak.

  Hartarako jarritako zutabeetan zintzilik jartzen diren loreontzien landareak birritan aldatzen dira, urte sasoiaren arabera. Orain, udako landareak sartu dira, eguzkia eta beroa erraz eramaten dutenak. Izan ere, uda partean egunero ureztatzen badira ere, lurretik hiruzpalau metrora dauden euskarrietan jartzen diren loreontzietako askok eguzkia bete-betean hartzen baitute. Kokapen hori kontuan hartzen da landareak aukeratzerakoan eta gorantz eta alboetara zabalduko diren landareak hautatzen dira, orain txikiak diren arren, handitu eta luzatzen direnean, oinezkook apain ikusi ditzagun. Une honetan loreontziak oso agirian daude baina hilabeteko epean ikusi ere ez dira egingo, loreen artean. 

  Loreontzi berriak jartzeko lana bihar amaitzea espero dute lorezaintza zerbitzuko langileek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!