Lizargarate Eguna abuztuaren 25ean ospatuko da aurten

2019/07/17
Egitaraua gertu dago eta bazkari txartelak ostegunean jarriko dira salgai

  Lizargarate trikitizale elkarteak, Lizargarate elkartearekin batera, eta udalaren laguntzaz, martxan dute Lizargarateko egunaren antolakuntza. Ohiturari jarraituz, abuztu amaieran izango da jaia, abuztuaren 25ean, hain zuzen ere. Lagun arteko giroa eta trikitia dira Lizargarateko eguneko osagai nagusiak. Hala, abuztuko azken domekan eta goizean goizetik, trikiti doinuak ez dira faltako Lizargarate inguruan. Herri kirolak ere izango dira, eguerdirako herri kirol erakustaldia antolatu baitute. Ondoren bazkaria izango da eta erromeria, Laja eta Lutxurdixorekin. Iluntzean,  afari meriendaren ondoren, erromeriak jarraipena izango du.

  Abuztuaren 25erako bost aste eta erdi falta bada ere, bihar jarriko dira salgai bazkari txartelak. Bazkari txartelak diogu baina bazkariaz gain hamaiketakoa eta afari merienda ere barne sartzen dira. Txartelok Bizipoz kafean eskuratu ahal izango dira 22 €tan. Txartelok erosteko azken eguna abuztuaren 16a izango dela ere jakinarazi digute antolakuntzatik. Ondorengo egun eta asteetan askok oporrak hartuko dituztenez, antolatzaileek, txartelen salmenta, ostegunean abiatuko dute.

  Lizargarate inguruan halako jai egun bat ospatzea aspaldiko tradizioa da. Urteetan galduta egon zen arren, Lizargarate trikitizale elkarteak berreskuratu zuen eta halaxe egiten jarraitzen dute.

Iturria: Oñati Irratia