Lege soziologia institutuko nazioarteko master ikastaroa gaur hasi da

2018/09/17
8 herrialdetatik etorritako 9 ikaslek osatuko dute martxo amaiera arteko programa

  Ulrike Schultz irakasleak eman die ongi-etorria ikasleei. Lege Soziologia Institutuko master programaren xehetasunak azaldu eta Oñatiko instalazioak erakutsi dizkie eta masterrean landuko dituzten lege soziologiaren inguruko oinarrizko kontzeptuak argituko dizkei lehen aste honetan, irakasle alemaniarrak. Datorren astean, lehen kredituak lortzeko bidea emango duen ikastaroa gidatuko du Joxerramon Bengoetxea irakasleak. Eta horrela jarraituko du master ikastaroak, astez aste, martxoaren 29ra arte.

  9 ikasle matrikulatu dira master programa osorik betetzeko. Baina mintegiak solte egiteko aukera badago eta litekeena da, ikasturtean zehar, ikasle gehiago hurbiltzea Institutura, oraingoz, hiruk eman dute izena. Master programa osatuko duten ikasleak 8 herrialdetatik etorri dira: Turkia, Ameriketako Estatu Batuak, Brasil, Kolonbia, Italia, Erresuma Batua, Argentina eta Venezuelatik. Aurten ez da euskaldunik izango master ikasleen artean.

  Ikasleek sei hilabete egingo dituzte Oñatin eta ikastaroa amaituta, jaioterrira itzuliko dira, titulua eskuratu ahal izateko aurkeztu behar duten masterreko tesina bukatzeko. Egun hauetan ari dira hain zuzen ere, tesinak defendatzen aurreko kurtsoko ikasleak. Datorren astean berriz, hilaren 25ean, Oñatiko Udala Grant beka eskuratu zuten bi lanak aurkeztuko dira. Samara Velte donostiarrak Oñatiko gazteria gatazka armatuaren aurrean; gatazka ondorengo lehen belaunaldiaren diskurtsoa izeneko ikerketa egin du eta Leopoldo Cruz Balbuena mexikarrak 65 urteko emakumeak: jubilatutako Oñatiko emakumeei eta hauek herriko identitateari, kulturari, gizarteari eta ekonomiari egin dieten ekarpenari buruzko ikerketa izenekoa.

  Nazioarteko Lege Soziologia Institutuak bestalde, zuzendari zientifiko berria dauka: Noé Cornago. Euskal Herriko Unibertsitatean nazioarteko harremanak gaia irakasten du eta ondo ezagutzen du Oñatiko Institutua, masterreko irakasle izan baita, besteak beste. Noé Cornagok bi urte emango ditu zuzendari zientifiko gisa, 2016tik ardura hori zuen Vincenzo Ferrariren lekukoa hartuta. Cornago, Lege Soziologia Institutuak duen bigarren zuzendari zientifiko euskalduna da, lehenengoa, Joxerramon Bengoetxea izan zen.

Iturria: Oñati Irratia

Noé Cornago Institutuko zuzendari zientifiko berria master ikasleekin