Lege soziologia institutuko nazioarteko master ikastaroa gaur hasi da

2017/09/18
11 herrialdetatik etorritako 13 ikaslek osatuko dute martxo amaiera arteko programa

  Ulrike Schultz irakasleak eman die ongi-etorria ikasleei. Sarrera aste honetan Lege Soziologia Institutuko master programaren xehetasunak azaldu eta Oñatiko instalazioak erakutsiko dizkie, eta masterrean landuko dituzten lege soziologiaren inguruko oinarrizko kontzeptuak argituko dizkei irakasle alemaniarrak. Datorren astean, lehen kredituak lortzeko bidea emango duen ikastaroa gidatuko du Joxerramon Bengoetxea irakasleak. Eta horrela jarraituko du master ikastaroak, astez aste, martxoaren 28ra arte. 13 ikasle matrikulatu dira master programa osorik betetzeko. Baina mintegiak solte egiteko aukera badago eta litekeena da, ikasturtean zehar, ikasle gehiago hurbiltzea. Master programa osatuko duten ikasleak 11 herrialdetatik etorri dira: Australia, Polonia, Kolonbia, Puerto Rico, Holanda, Georgia, Brasil edota Eskoziatik, besteak beste. Aurten ez da euskaldunik izango master ikasleen artean.

  Ikasleek sei hilabete egingo dituzte Oñatin eta ikastaroa amaituta, jaioterrira itzuliko dira, titulua eskuratu ahal izateko aurkeztu behar duten masterreko tesina bukatzeko. Egun hauetan ari dira hain zuzen ere, tesinak defendatzen aurreko kurtsoko ikasleak. Gaur bertan, Oñatiko pakistandarren integrazioaz egindako lana aurkeztu da unibertsitat zaharrean.

  Baina masterreko ikasleak ez dira ikastera mugatzen. Herritarrekin harremanak errazte aldera friendship programa abiatu zen orain urte batzuk dela. Friendship egitasmoak Oñatin eta Euskal Herrian errazago integratzeko bidea eskaintzen die ikasleei eta bertakoei berriz, kultura berriak ezagutu eta hizkuntzak praktikatzeko aukera ematen die, guztiak lagun egiten diren bitartean. Gurean errotuz doan egitasmoa da eta zenbait oñatiarrek urteak daramatzate jada egitasmo honetan parte hartzen. Friendship egitasmoari buruzko argibide gehiago nahi dituenak Lege Soziologia Institutura jo edo honako helbide honetara mezua bidali dezake: susana@iisj.es

  Master ikastaroko ikasleei ongi-etorri jaia eskainiko zaie bihar Antixenako Egoitzan, friendship programako hainbat partaidek eta ikasle ohiek antolatuta,hainzuzen ere. Ate joka ditugun herriko jaien berri emango zaie ikasleei. Bide batez, iaz martxan jarri zen Oñati Community plataforma zertan den azalduko zaie eta friendship egitasmoa eta programan parte hartzen duten oñatiar eta debagoiendarrak aurkeztuko zaizkie.

Iturria: Oñati Irratia

Aurreko master ikastaroko ikasleak