Lege Soziologia Institutuko 2016-2017 ikasturte-masterra astelehenean hasiko da

2016/09/21
11 herrialdetatik etorritako 12 ikaslek osatuko dute master programa

  Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko berriak, Vincenzo Ferrarik, eta masterreko lehenengo irakasleak, Ulrike Schutzek ongi etorria egingo diete igandean ikasleei. Eskolak berriz, astelehenean hasiko dira. Oraingoz, 12 ikasle matrikulatu dira master programa osorik betetzeko. Baina mintegiak solte egiteko aukera ere badago beraz, ikasturtean zehar Oñatira ikasle gehiago hurbiltzea espero da. Mintegi solteetan izena emateko epea, ikastaro konkretu hori hasi baino 15 egun lehenago ixten baita.

  Master programa osorik egingo duten ikasleak 11 herrialdetatik etorriko dira: Argentina, Danimarka, Indonesia, Ipar Irlanda, Italia, Kanada, Kolonbia, Mexiko, Polonia eta Tailandiatik. Aurten ez da euskaldunik izango master ikastaroan.

  Oñatiko Lege Soziologia masterra ofiziala da, Madrilgo Hezkuntza Ministeriok onartutakoa alegia. Nazioarteko izaera ere badu, bai ikasle eta irakasleen jatorriari dagokionean  eta baita ematen duen  titulazioari dagokionean ere, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Milango Unibertsitateak babesten baitute.

  Astelehenean hasiko den ikastaroa martxoaren 31ra arte luzatuko da. Ikasleek sei hilabete Oñatin egingo dituzte eta ikastaroa amaituta, jaioterrira itzuliko dira, titulua eskuratu ahal izateko aurkeztu behar duten masterreko tesina bukatzeko.

  Atzerritar ikasleak gure artean dauden bitartean  Friendship programan parte hartu ohi dute herritarrekin batera. Friendship egitasmoak, atzerriko ikasleak eta oñatiarrak, edo debagoiendarrak, harremanetan jartzen ditu. Atzerritarrei Oñatin eta Euskal Herrian errazago integratzeko bidea eskaintzen die eta bertakoei kultura berriak ezagutu eta hizkuntzak praktikatzeko aukera ematen die, guztiak lagun egiten diren bitartean. Gurean errotuz doan egitasmoa da eta zenbait oñatiarrek urteak daramatzate egitasmo honetan parte hartzen. Baina zer den ezagutu edo izena eman nahi duenak, Lege Soziologia Institutuko helbide honetara mezua bidalita egin dezake: onati@iisj.es

Iturria: Oñati Irratia