Larrialdietarako udal laguntzen 2020ko deialdia argitaratu da

2020/02/10
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak bete ezin dituen eskaerak osatzen ditu udalak

  Gizarte bazterketa arriskuan dauden herritarrei ematen zaizkien dirulaguntzak Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira. Baina gobernuak dituen baliabideak ez dira nahikoak eskaera guztiei erantzuteko. Hori dela eta, udalak, partida ekonomiko bat aurreikusten du urtero, Jaurlaritzaren aurrekontu esleipenak bete ezin dituen Oñatiko eskaerei erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak Oñatin sortzen diren beharrei erantzuteko ia 51.000 euro hitzeman ditu aurten. Kopuru horri  % 30a gehitzea ere gerta liteke. Udalak berriz, 120.000 eurora arte osatuko du laguntza poltsa hori.

  Gizarte larrialdietarako laguntzak jasotzeko baldintzak Eusko Jaurlaritzak zehazten ditu. Gizarteratzeko eta diru sarrerak bermatzeko laguntzen atalean, gizarteratzen laguntzeko eta bazterketa prebenitzeko tresna gisa planteatzen dira gizarte larrialdietarako laguntzak. Prestazio ekonomiko hauek ez dira aldizkakoak eta dirulaguntza gisa ematen zaizkie gastu espezifikoei aurre egiteko nahikoa baliabide ez dituzten pertsonei, gizarte bazterkeria prebenitu, saihestu edo arintzeko.

  Dirulaguntza hauek energia eta mantentze gastuetarako, etxearen alokairurako, edo beharrezkoak diren altzari edo etxetresnak erosteko eman ohi dira. Beti ere, gehienezko muga batez. Laguntza hauek diru sarrera txikiak izan eta gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei zuzenduta daude. Alde horretatik, eskatzailearen gehienezko ondarea ere mugatuta dago.

  Martxoaren 30a baino lehen aurkezten diren eskaeren kasuan, eta laguntza jasotzeko eskubidea badute, laguntzek, urtarrilaren 1etik aurrerako efektua izango dute. Apiriletik aurrera aurkezten direnetan berriz, ordutik aurrerako efektua izango dute. Eskaerak aurkezteko epea berriz, azaroaren 29an itxiko da, salbuespenezko egoeretan izan ezik. Eskaerak udaletxean, HAZ zerbitzuan aurkeztu behar dira.


Iturria: Oñati Irratia