Landa bideak hormigoitzeko dirulaguntzen 2019ko deialdia kaleratu berri du udalak

2019/06/24
Partikularrei emango zaien laguntza hau material eta garraio gastuetarako izango da soilik

  Udalak, landa bideak asfaltatu eta hormigoitzeko ahalegin handia egin duen arren, badira oraindik, hormigoitu gabeko baserri nahiz lehenetasunezko nekazaritza ustialekuetarako landa bideak. Hutsune hori osatzeko landa bideak eraiki eta hobetzeko inbertsioetarako dirulaguntzak ematen ditu udalak. Hala egin zuen 2014an eta 2017an, eta beste horrenbeste egitea erabaki du aurten, 5.000 euroko diru partida berezituz.

  Dirulaguntza hauek, hormigoitu gabeko bideak egin eta hobetzeko inbertsioa egiten duten partikularrek jaso ahal izango dituzte. Beti ere, materialen erosketa eta garraio gastuetarako bada, alegia, eskulanaren kostua ez da diruz lagunduko. Eskatzaileak Oñatiko bizilagun eta herriko landa auzoetako baserri baten jabe dela egiaztatu beharko du eta konpondu asmo den bidearen titulartasuna publikoa dela. Titulartasun pribatuko sarbideak finantzatuko dira baldin eta bidearen jabetza udalari lagatzen bazaio eta honek espresuki onartzen badu. Udalak emango dituen dirulaguntza hauek beste herri administrazio edo erakundek emandakoekin bateragarriak izango dira.

  Dirulaguntzak emateko bi irizpide nagusi zehaztu dira: baserriaren nekazaritza jarduera batetik eta baserriaren eta hirigunearen arteko distantzia bestetik. Puntuaziorik altuena, animaliak izan eta herri gunetik urrunen dauden baserrietarako bideak konpontzeak jasoko du.

  Gaur bertan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean landa bideak hormigoitzeko dirulaguntza hauen iragarkia. Hala, eskaerak dagoeneko aurkeztu daitezke. 30 lan eguneko epea finkatu da horretarako. Beraz, dirulaguntza hauek eskatzeko azken eguna, abuztuaren 6a izango da. Eskaerak, udal bulegoetan aurkeztu behar dira.

Iturria: Oñati Irratia