Oñatiko udala

Laguntza humanitarioa biltzeko kanpaina egingo du Hotz Oñatik datorren astean

2019/03/29
Card image cap
Informazioa eman eta bilketan laguntzeko boluntarioak behar dira

  Hotz Oñati taldearen elkartasun kanpaina apirilaren 4tik 6ra egingo da herriko janari dendatan: Eroski center eta Errekaldeko Eroski city, Super BM, San Migel Kooperatiba eta Errekaldeko dendan. Guztietan materiala uzteko karroak jarriko dira datorren ostegunetik larunbatera. Zaporeak GKEaren bitartez errefuxiatuen kanpamentuetara bidaliko den material bilketa kanpaina honetan, iraungitze data luzea duten elikagaiak eta higiene produktuak jaso asmo dira: pasta, arroza, lekaleak, txerrikirik ez duten lata kontserbak, haurrentzako esne hautsa, haurrentzako pixoihalak eta toallatxoak, konpresak eta olioa.

  Bilketa presentzialki egin asmo da, ahalik eta denda gehienetan, hau da, boluntarioak bertan direla egin nahi da. Horretarako laguntzeko gertu dauden herritarrak behar dira. Boluntario izan nahi dutenentzat izen-emate bide ezberdinak zehaztu dira: Hotzen facebook eta twitter kontuen bidez; mezua hotzonati@gmail.com helbidera bidaliz edo taldeak Kalebarrian duen lokaletik pasata, bihar bertan, 11:00tatik-13:00tara. Boluntario hauek materiala batu eta sailkatu beharko dute, hurbiltzen direnei informazioa emateaz gain.

  Ostegunetik larunbatera batzen den materiala, Zaporeak elkartearen bitartez Greziara, Lesbosera, bidaliko da.

  Ez da lehen aldia Hotz Oñati taldeak halako material bilketa kanpaina egiten duela, talde gisa ofizialki eratu aurretik ere, errefuxiatuentzat elikagaiak, mantak eta arropak bildu zituzten. Iaz esaterako, apirila erdialdean egin zuten laguntza humanitarioa bidaltzeko bilketa eta ia 6.300 Kg produktu batu zituzten. Laguntza dirutan ere jaso zuten. Hotz Oñati taldeak Laboral Kutxan dauka kontua. Biltzen den diruarekin produktu gehiago erosiko dira.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!