Kuttuna.org webguneak sustatutako erosketa bonuen egitasmoarekin bat egin du Udalak

2020/04/15
Card image cap
20.000 euro bideratuko ditu herriko komertzio txikiak laguntzeko

  20.000 euroko hasierako poltsa sortu du udalak www.kuttuna.org webguneak sustatzen dituen erosketa bonuen bitartez herriko merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu sektoreko lokalak laguntzeko. Ekarpen honi esker, gutxienez, 100.000 euro iritsiko dira aipatu negozioetara.

  Udalak bat egin du Magnet Kooperatibak landu eta zabaldu duen irabazi asmorik gabeko egitasmoarekin eta diru ekarpena egingo du, herriko dendari, ostalari eta zerbitzu txikietako arduradunei laguntzeko helburuz. 20.000 euroko poltsa sortu du www.kuttuna.org web plataformaren bidez eskuratzen diren bonuen zati bat finantzatzeko. Herritarrek erosten dituzten bonuen zenbatekoaren %20a diruz lagunduko du Udalak. Adibidez, erosleak 40 euroan eskuratuko du 50 euroko balioa duen erosketa bonua, edo 160 euroan, 200 eurokoa. Kuttuna.org plataformaren bitartez 25 eta 200 euro arteko bonuak eskuratu daitezke.

  Bonu hauek etorkizun hurbil-ertainean herriko denda edo ostalaritza lokaletan egingo diren erosketen aurre-ordainketa dira. Izan ere, orain eskuratzen diren bonuak, konfinamendu egoera amaitu eta denda, jatetxe edo zerbitzu lokalak berriro irekitzen direnean erabili ahal izango dira. Erosketa bonua eskuratzeko www.kuttuna.org  webgunean izena eman behar da. Txartela erosita, PDF formatuko fitxategia jasoko da emandako posta elektronikoan eta horixe izango da ordaintzeko erabiliko dena. Web plataforman ere uneoro eskuragarri izango da erosketa bonua. Laguntza erosketa ezberdinetan banatu eta ahalik eta establezimendu kopuru handienera hel dadin, pertsonako 400 euroko muga ezarri da bonuak erosteko. Bonuak ezingo dira alkohola, tabakoa, loteria edo apustuak eta ibilgailuen erregaia erosteko erabili.

  Konfinamenduaren ondorioz itxita dauden herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimendu oro atxiki daitezke ekimenera. Horretarako izena eman beharko dute www.kuttuna.org webgunean, Merkataria zara? atalean. Bertan, komertzioaren profilari dagozkion datuak bete beharko dira, ordainketa sistemarena salbu, Udalak kudeatuko baitu hobaria duten bonuen ordainketa, eta Udalaren kontura izango da baita ere salerosketa komisioaren kostua. Hasiera batean, bonuen balioaren %80 ordainduko die Udalak establezimenduei, eta irekitzen direnean eta bezeroek erosketa bonuak erabiltzen dituztenean jasoko dute gainontzeko %20a.

  Egitasmoarekin bat egin ahal izateko establezimenduek oinarrizko baldintza batzuk bete behar dituzte: hamar langile baino gutxiagoko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimendua izatea, pertsonei begirako produktuak edo zerbitzuak eskaintzea eta konfinamenduaren eraginez itxita egotea. Zalantzak argitu edo alta prozesuan laguntzeko udaleko Sozioekonomia departamentura jo dezakete merkatari eta ostalariak: 943 003 198 telefono zenbakira deituta edo enplegu@onati.eus posta elektronikora mezua bidalita.

  Gaurtik aurrera eskuratutako erosketa bonuek udalaren laguntza osagarria izango dute jada. Baina aurrez eskuratutakoek ere %20ko laguntza jasoko dute, bonuen balioa proportzio horretan handituko baita. Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimenduak laguntzeko beste neurri batzuk aztertzen gabiltza, eta laster jakinaraziko ditugu adierazi du Izaro Elorza alkateak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!