Kultura departamentuak ia 69.000 euro banatuko ditu herriko taldeen urteko programa eta sorkuntza lanak gauzatzeko

2019/05/08
25 talde eta proiektuk jasoko dute udalaren dirulaguntza

  Bi laguntza lerro ditu Udaleko kultura departamentuak, urteko programazioa aurrera eramateko, batetik, eta sormen lanerako dirulaguntzak, bestetik.

  Lehen laguntza lerroa da diruz handiena eta 15 talde edo elkarteren urteko programak babestuko ditu aurten. Atal honetan partidarik handienak Ganbara Txikik, Oñatzek eta Oñatiko Ganbara Abesbatzak jasoko dituzte. Hots abesbatzak, Ilunpetan argazkizaleen taldeak, Txinparta bertso eskolak, Oñati Abesbatzak, Lizargarate trikitizale taldeak, Oñatiko Margo Taldeak, laburmetraien rallyko antolatzaileek, Olaitturri kultur taldeak, Irazan antzerki guneak, Artixa taldeak, Swing taldeak eta Zinzelkatzaileen elkarteak ere udalaren babes ekonomikoa jasoko dute.

  Aurkeztutako egitasmoaren araberako dirulaguntzak onartu berri ditu udal gobernu taldeak eta aipatu 15 elkarte eta kolektiboen artean 57.000 euro banatuko dira aurten. Onartutako laguntzaren % 60a orain ordainduko da eta gainontzekoa, azaroaren 30a bitartean entregatu beharko duten memorian zurituko gastuen arabera, urte amaiera baino lehen.

  Kultura departamentuak urteko programak gauzatzeko ez ezik, sormen lanetarako dirulaguntzak ere eman ohi ditu. Bi deialdiak batera argitaratu ziren eta sormen lanetarako dirulaguntzak nola banatu ere, erabaki berri da. 11 eskaera jaso ziren baina bat epez kanpo iritsi zen. Ondorioz, epe barruan aurkeztutako 10ak diruz laguntzea erabaki da, guztira, 11.700 euro banatuz.

  Hortensia Alcalak eta Artixa kultur elkarteak hainbat liburu argitaratuko dituzte. Anjel Lerak Lope filma komiki formatuan kaleratuko du eta Oñatiko Ganbara Abesbatzak argitaratu berri duen disko-libururako ere udalaren dirulaguntza jasoko du. Garikoitz Riverak fikziozko film labur bat ekoizteko laguntza eskuratuko du, Inpala taldeak, Hots abesbatzak eta Mikel Zarketak disko bana grabatzeko asmoa aurkeztu dute eta Olaitturri taldeak antzerki lan berria muntatuko du. Hauek ere, udalaren diru babesa jasoko dute sormen lan horiek gauzatzeko. Kasu honetan ere, onartutako diru laguntzaren % 60a orain ordainduko da eta gainontzekoa, egindako gastua zuritzen denean.

Iturria: Oñati Irratia

OGAren disko-liburuak udalaren dirulaguntza jaso du