Oñatiko udala

KORRIKA 18ari ongi etorria egiteko ekitaldi bereziak ospatuko dira martxoaren 16 eta 20an.

2013/03/07
Card image cap
Korrika, Oñatitik, martxoaren 21eko goizaldean pasako da.

  Euskararen mezua herririk herri eramango duen KORRIKA 18a Oñatira iristen denerako, herria ondo girotuta egongo da. Hori da behintzat herri batzordeak gertatu duen ekintza sortaren helburua. Orain arte eta KORRIKA KULTURALA programazioaren baitan izan diren ekitaldiez gain, herri bazkaria, kontzertuak, korrika txikia eta txokolatada antolatu dira, besteak beste.

  Girotze ekintza gehienak zapatua izango den martxoaren 16an ospatuko dira, egun osoko egitaraua antolatu baita. Goizean jada, Oñatz dantza taldekoek aurkezpen dantza egingo dute plazan. Txaranga poteoa izango da ondoren eta goiz osoan zehar KORRIKAren materiala plazan salduko da.

  Egun horretarako herri bazkaria antolatu da. Bazkarirako txartelak, atzo bertan jarri ziren salgai: Gaztelekuan eta Ona, Bake Leku, Arrano eta Ongi tabernetan. Berdura plazan egingo den bazkari herrikoirako txartelak bi preziotan jarri dira salgai: 8 eurotan, langabetu eta erretiratuentzat eta 12 eurotan, lanean ari direnentzat.
Bazkal ostean, bertsolarien solasaldiaz gozatu ahal izango da. Arratsaldean, herri kirolak izango dira eta gauean berriz, herriko musika taldeen kontzertuak Gaztetxean.

  Korrika 18a gaur zortzi, martxoaren 14an Andoaindik abiatu eta 24an Baionan amaituko da, tartean, martxoaren 21eko goizaldean Oñatitik pasako da. Udanatik behera etorriko da goizaldeko 5etan. Horretxegatik, bezperakoa izango da herria girotzeko arratsalde berezia

  Lehen Hezkuntzako ikasleak izango dira protagonista. Herriko hiru ikastetxeetako taldeek txandaka lekukoa emanez, KORRIKA TXIKIA egingo dute. Ondoren, txokolate jana izango da eta arratsaldeko ekintzak osatzeko, txorimaloak kalera aterako dira, Musika eskolakoekin kalejira eginez.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!