Kiroldegiko sorosle eta igeriketa monitoreen nahiz Usakoko bainu gunean sorosle zerbitzua kontratatzeko deialdia argitaratu du udalak

2017/11/13
Eskaintzetarako 15 eguneko epea zabaldu da

  Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu den kontratazio iragarki honek kiroldegiko obrak noiz hasi asmo direnaz argibideak ematen ditu, igeriketa monitore eta kiroldegiko eta Usakoko bainu gunean sorosle zerbitzuak betetzeko kontratazio epea mugatzerakoan, 2019an obrak aurreikusten direla aipatzen baita. Udalak, hasiera batean, urtebeterako kontratatu nahi ditu Zubikoa kiroldegiko igeriketa monitore eta sorosleen zerbitzuak kiroldegian eta Usakon. Baina urtebeteko kontratu hori luzatu daitekeela dio iragarkian, 2019an aurreikusita dagoen kiroldegiko obra hasi bitartean. Zubikoako lanetarako aurreikusita dagoen epea zehaztuta ikusteak atentzioa eman digu baina iragarkian garrantzitsua, zerbitzu kontrataziorako deialdia bera da.

  Udalak, sorosle eta monitore lanetarako gehienezko prezioa zehaztu du lehiaketa deialdian: sorosle lanak 24,53 euro orduko ordainduko lituzke, gehienera, eta igeriketa monitore lanak berriz, 27,69 euro orduko, biei  BEZa gehituta. Lehiaketara aurkezten diren enpresek kopuru horiek beherantz hobetzea espero du udalak. Eskaintza ekonomikoak izango du pisurik handiena kontratua esleitzerakoan, gehienera lortu ahal izango diren 100 puntutik 52 eskuratzeko bidea emango baitie enpresei. Gainontzeko 48 puntuak txosten teknikoaren arabera banatuko dira.

  Zubikoako igeriketa monitore eta Usako nahiz kirdoldegiko sorosle zerbitzuak lehenbailehen kontratatu nahi dira. Horregatik, eskaintzak aurkezteko epea 15 egunetara mugatu du. Interesa duten enpresek, azaroaren 28ra arteko epea dute eskaintzak presentatzeko. Hiru kartazaletan aurkeztu behar dira: batean, enpresari dagozkion agiriak jasoko dira, bigarrenean, beteko den zerbitzuaren memoria teknikoa eta hirugarrenean, eskaintza ekonomikoa.

Iturria: Oñati Irratia

Soroslea Zubikoan (Arg: DV)