Kirol gaiak nagusi dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako

2019/02/07
Kirol talde eta elkarteei eman ohi zaizkien dirulaguntzen deialdia egitea proposatuko da eta Herri Kirol Taldearen eskaera aztertuko da

  Bilera arina izango du udal gobernu taldeak gaur arratsaldean, azken orduko gai berririk aurkeztu ezean, lau bakarrik izango baititu eztabaidatzeko. Lau gai dira lan zerrendan jaso direnak eta horietako bi Kirolak batzordeari dagozkio: herriko kirol talde eta elkarteei dirulaguntzak eta Herri Kirol Taldearen eskaera.

  Udal kirol departamentuak herriko taldeei dirulaguntzak eskaini ohi dizkie urteko jardunari aurre egin edota aldian-aldian antolatzen dituzten ekintzak gauzatu ahal izateko. Udanako igoera, Torreauzoko krosa, herriko arrantza eta ehiza txapelketak, arku tiraketa erakustaldia, Herriko Futbol Txapelketa edota Patin Eguneko antolatzaileak dira, besteak beste, udaleko kirol departamentuaren dirulaguntza jaso izan duten talde eta elkarteak. Dirulaguntza hauen oinarriak errebisatuko dira arratsaldeko bileran eta deialdia egitea proposatuko da.

  Herri Kirol Taldeak, berriz, hilaren 17an aizkora eta harri-jasotze jaialdia egin ahal izateko baimena eskatu dio udalari. Urrezko aizkora txapelketei dagozkien bi finalerdi jokatuko dira Oñatin, gizonezkoen binakakoa eta emakumezkoen banakako txapelketei dagozkienak. Gainera, harri-jasotzaileen txapelketari dagokion proba ere izango da. Asmoa, aurreko urteetan bezala, Herri kirol jaialdia plazan egitea da, eguraldi txarra bada, Zubikoako pilotalekuan.

  Aipatutako bi gai horiezaz gain, faktura zerrenda bat onartu eta hainbat lanpostuen balorazio berria egitea ere proposatuko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.

Iturria: Oñati Irratia