Kirol begiraletarako onartu eta baztertuen zerrendak argitaratu dira

2018/04/27
Onartuek egiaztatutako merituen balorazio-puntuazioa ere kaleratu da

  Uda kanpainako beharretarako kirol begiraleen deialdira 28 lagun aurkeztu ziren. Horietatik 5 prozesutik kanpo utzi dira eskatutako titulazioa edota sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa ez aurkezteagatik. Beste 5 berriz, zerbitzu orokorretarako onartu diren arren, patinaje edota eskalada zerbitzu espezifikoetarako baztertu dira, eskatzen zen esperientzia ez egiaztatzeagatik.

  Onartutako 23 eskaerak, kirol espezifiko edota orokorretarako onartuak izan diren zehazten da gaur argitaratu den zerrendan. Bigarren zerrenda batetan berriz, jardun bakoitzean aritzeko hautagaien merito-puntuazioa argitaratu da. Zerrenda guztiek behin behineko izaera dute eta erreklamazioak aurkeztu edo akatsak zuzentzeko maiatzaren 3ra arteko epea dago. Bide batez, hautatzen diren begiraleek ekainaren 13an formakuntza saioa egin beharko dutela jakinarazten da eta  ezinezkoa dutenek garaiz jakinarazi beharko dutela zehazten da. Ezintasun hori adierazteko maiatzaren 24ra arteko epea finkatu da.

  Gaur amaitzen da uda kanpainan parte hartzeko behin betiko izen-ematea. Jasotzen den eskaeraren arabera erabakiko da zenbat begirale eta zein ekintzetarako beharko diren. Aurreko urteetan 15-20 artean kontratatu dira baina aurten zenbat beharko diren datozen egunotan zehaztuko da.

  Kirol begiraleen hautaketa prozesuari dagozkion behin behineko zerrendak eta puntuazioak, udaletxeko iragarki taulan eta www.oñati.eus atarian ikusgai daude.

Iturria: Oñati Irratia