Kanposantu inguruko zaintza areagotuko du udaltzaingoak

2018/10/26
Autoetan poltsa eta baliozko gauzak ez uzteko oharrak jarri dira

  Domu Santu egunaren aurreko asteburuan ohikoa baino jende gehiago espero da kanposantuan, familiakoen hilobiak garbitu eta txukuntzeko asmoz. Halakoetan, kargatuta joan ohi da eta autoak behar bezala itxi gabe uzten ditu askok. Bueltan ordea, ez ustekoak jasotzen dira eta lapurtu digutenaz ohartzen gara. Garbitze lanetan kontzentratuta gaudenean ere, poltsak inguruan baina zaintza gabe uzten ditugu, lapurrei hartzeko erraztasunak emanez.

  Poltsak eta baliozko gauzak zaindu daitezen aholkatuz ohartarazpenak jarri ditu udaltzaingoak kanposantu inguruan. Sartu-irtenak sarritan, minutu gutxitako kontuak izaten dira eta azkar egingo denaren konfiantzan, poltsak autoan eta begi bistan uzten dira. Lapurrek ez dute denbora askorik behar izaten kotxeak ireki eta poltsak eramateko. Eta itxita uzten direnetan ere, leihatila apurtu eta begi bistan dagoen baliozko zamarra edo objektuak harrapatu eta ihes egiteko. Halako lapurretak urtero salatu ohi dira udaltzaingoan eta horregatik arretaz ibiltzeko oharrak astean jarri dituzte.

  Poltsak hartu, autoak itxi eta ibilgailuan baliozko ezer ez uzteko gomendatzen dute udaltzainek. Oinarrizko babes neurri horiek beti hartzeko aholkatzen dute, nahiz eta hilerrira minutu gutxi batzuetarako sartzeko asmoa izan. Eta hilerrian bertan ere kontuz ibiltzea eskatzen dute, eta poltsak edo berokiak begi-bistan eta zaintzapean izatea aholkatzen da bestela, bueltan, akaso ez baitira aurkituko.

  Urtero lapurretaren bat salatzen da azaroaren 1aren ospakizunen inguruan kanposantuan. Udaltzainek arreta jartzeko ohartarazpenak  jarri dituzte eta inguruko zaintza ere areagotu egingo dute. Udaltzainen autoa, sarri-sarri ibiliko da datozen egunotan kanposantura bueltaka.

Iturria: Oñati Irratia