Juan Valls oñatiarrak Katapulta Tour Gipuzkoa egitasmoan parte hartuko du aurten

2018/02/08
Hogeita hamar bat artisten lanak erakutsiko dira

  Katapulta Tour Gipuzkoa, musika eta arte eszenikoen talentu gazteentzako zirkuituaren aurtengo edizioa atzo aurkeztu zen, eta besteak beste, Juan Valls oñatiarra hautatu dutela aurreratu zuten. Katapulta Tour Gipuzkoa programa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak eta Buanawista elkarteak sustatzen duten ekimena da. Hiru helburu nagusi ditu: musikaren eta arte eszenikoen arloan hemengo talentua sustatzen laguntzea; kultur programazio egonkorra duten espazioen garrantzia nabarmentzea eta kultur-eszena dinamizatzea.

  Musika arloan lau talde edo artista aukeratu dira aurten, tartean, Juan Valls, eta arte eszenikoetan berriz, bi talde eta beste horrenbeste muntaia. Baina gehiago izan ziren hautapen prozesura aurkeztu zirenak, 68 musika eta 17 proposamen eszeniko, hain zuzen ere.

  Katapulta Tour Gipuzkoak eta Kutxa Kultur programak hautatutako artistei beren lana ezagutarazteko aukeraz gain, laguntza osagarria ere ematen die: Gipuzkoan hiru emanaldi egiteko aukera, 400 euroko konpentsazio ekonomikoa emanaldi bakoitzeko, eta proiektuaren sustapen bideo baten grabazioa.

Iturria: Oñati Irratia

Katapulta Tour Gipuzkoaren aurkezpena atzo