Jardunaldi pedagogikoak antolatu ditu Goieskolak

2019/12/10
Card image cap
Cesar Bona irakasleak hitzaldia eskainiko du bihar Arrasaten

  Debagoieneko eskola publikoen elkarteak antolatutako jardunaldi pedagogikoak urtarrilean burutuko dira nagusiki, eskualdeko herri guztietan, baina hasi, bihar bertan hasiko dira Arrasaten. Cesar Bona irakasleak Escuchar para educar hitzaldia eskainiko du Amaia antzokian, 17:30tan.

  Cesar Bona irakasleen Nobel saritzat hartzen den Global Teacher Prize delakoa jasotzeko izendatu zuten 2015ean, munduko 50 irakasle onenen zerrendan jarriz. Hezitzaileak ikasleen behar eta erritmoetara egokitu behar duela dio eta haur orok berezkoa duen ikasteko, sortzeko eta deskubritzeko gogoa sustatu eta motibatu behar duela. Horretan, ikusi eta entzutea oinarrizkoa dela azaltzen du, ez bakarrik irakasleentzat baita guraso eta gainontzeko hezitzaileentzat ere. Eta horiei zuzenduko zaie bihar Escuchar para educar hitzaldian.

  Baina Goieskolak antolatutako jardunaldi pedagogikoak haratago doaz. Urtarrilean, herririk herri, hitzaldi gehiago eta bestelako ekintzak egingo baitira. Urtarrilaren 15ean Berdinen arteko gatazken kudeaketa izeneko hitzaldia izango da Aretxabaletan. 16an, Arrasaten, doluari buruz berba egingo da. 21ean, hitzordu bikoitza izango da, Familian mugak jartzearen garrantzia jorratuko da Eskoriatzan eta Bergaran berriz, Eskolako kanpo espazioa haurren garapenerako eta ikaskuntzarako baliabidea hitzaldia eskainiko da. Oñatin euskarari buruzko mahai ingurua antolatzen ari dira Tira in euskeriari izenburupean. Eguna eta lekua zehazteke daude oraindik. Aipatutakoaz gain, ipuin kontaketa, erakusketa eta bideo-jokuen inguruko jarduna ere antolatu dira, besteak beste.

  Goieskolaren jardunaldi pedagogikoak, urtarrilaren 25ean amaitzeko asmoa dago. Ekintza gehienak herrietako areto publikoetan izango diren arren, tokian tokiko ikastetxeetan ere programatu dira, baina beti, interesa duten herritar guztiei irekita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!