Irakurketa erraza egitasmoa berriro abiatu du udal liburutegiak

2017/11/06
Irakurtzeko zailtasunak dituztenei zuzendutako ekimena da

  Populazioaren % 30ak irakurtzeko zailtasunak dituela diote ikerketek. Horrek, garapen pertsonal eta intelektualerako mugak eragiten ditu. Horregatik, zailtasun eta muga horiek gainditu ahal izateko, irakurketa errazteko materialak egokitu ziren. Horietaz baliatzen dira udal liburutegian etzi berriro abian jarriko duten egitasmoan. Ekimena, irakurtzeko zailtasunak dituzten herritar guztiei zuzenduta dago. Aldi baterako zailtasunak izan ditzakete hizkuntza ondo menderatzen ez duten etorkinek, eskolaratze urria dutenek edo ikasketekin arazoak dituztenek. Badira bestalde, zailtasun iraunkorra izan dezaketen beste kolektibo batzuk, ezgaitasun intelektuala dutenak esaterako. Guztiei zuzentzen zaie, irakurketa erraza egitasmoa.

  Liburutegiko arduradunek irailean egin zuten parte hartzeko gonbidapena Oñatin erroldatuta dauden atzerritarren artean, eta, dagoeneko, talde bat osatu da. Baina lekua dago oraindik, interesa izan dezaken beste edonork parte hartu dezan. Irakurketa erraza landuko duen talde hau asteazkenetan, 11:00tan elkartuko da liburutegian, etzi bertan hasita. Taldea dinamizatzen Nerea Escudero eta Arantzazu Ibarrondo arituko dira. Informazio gehiagorako liburutegira jo daiteke.

  Irakurle ez ezik, idazle izatea ere gonbidatu dira Oñatiko haurrak. Iazko arrakastari jarraipena eman asmoz, Ipuin ibiltari berria martxan jartzekoak dira haur liburutegian. Helburua, banaka edo taldeka lan egingo duten haurrek beraiek asmatutako ipuin bat osatzea da. Kuaderno batean idazten joango dira ipuina, beti ere, aurretik idatzitakoari jarraipena emanez. Haur edo talde bakoitzak astebeteko epea izango du idazteko. Ekimen honetan parte hartu nahi duten neska-mutikoek izena haur liburutegian eman behar dute azaroan zehar. Gehienez, 15 umek parte hartu ahal izango dute.

Iturria: Oñati Irratia