Irailaren 20an, ARGIA Eguna ospatuko da Oñatin

2015/07/14
Ekarpenak jaso eta antolakuntzan laguntzeko, harpidedunengana jo du astekariak

  Azken hilabeteotan Debagoieneko harpidedun eta ARGIAzaleekin bilerak egin dira. Batzarretan, ARGIAko komunikazio proiektuaz berba egin da eta astekariaren inguruan bildu den harpidedunen komunitatea indartzeko  ematen ari diren urrats berriez azalpenak eman dira. Zentzu horretan, iaz berreskuratu zen ARGIA Eguna Oñatin ospatuko dela adierazi da eta horretarako ekarpenak jaso dira. Orain, harpidedunen artean zabaldu den idatziaren bitartez, ekarpen berriak egin eta ARGIA Eguneko ekintzetan laguntzeko gonbidapena luzatu da.

  ARGIAko arduradunak hasi dira behin behineko egitarua osatzen. Proposamenen artean, besteak beste, Oñatiko ingurune naturala eta kulturala ezagutzeko ibilaldia, bizikleta martxa Debagoienean zehar, bertako elikagaiekin egindako herri-kantu bazkaria, tailerrak eta jolas hezitzaileak, azoka alternatiboa edo eragileen azoka, erakusketa, bertsolariak eta musika kontzertuak jaso dira. Baina guzti hori antolatu eta aurrera eramateko laguntzaileak behar dira eta eragileen azokan parte hartzeko interesa izan dezaketen kolektiboak ere bai. Laguntzaile edo partaide gisa aritu nahi dutenentzat harremanetarako bi bide zabaldu dira: telefono zenbakia: 943.371545 edo helbide elektronikoa: harpide@argia.eus

  Deialdia zabala da, Argiako harpidedunei zuzendu zaie bereziki baina edozein herritarrek dauka parte hartzeko aukera. Eta laguntza ere, norberaren ahalbidearen arabera eman daiteke: egunean bertan bolondres gisa ekintza ezberdinak aurrera eramaten edo azpiegiturak muntatzen adibidez, edo aurretik ere bai, Argia egunaren zabalkundea Debagoeieneko herrietan eginez, hau da, kartelak jarriz eta abar.

  ARGIA Eguna, irailaren 20an ospatuko da Oñatin. Lehen ARGIA Eguna, 1982an ospatu zen astekaria herritarrengana hurbildu eta euskal prentsaren beharra aldarrikatzeko helburuz. Bi hamarkadaren ostean berriz, iaz berriro ospatu zen Usurbilen. Oñatikoa beraz, hirugarren Argia Eguna izango da.

Iturria: Oñati Irratia