Inauterietarako prestatu den ekintza programak ia 10.500 euroko aurrekontua du.

2013/01/31
Kasik 7 mila euro konpartsarako arropak erostera bideratuko dira. Bestela, egitarauko osagai nagusiak, dantza, musika eta antzerkia dira.

  Aurtengo inauteri-aurrekontuaren %65a inguru, karnabaletako konpartsa berrirako arropak erosteko izango da. Oñatiko inauteri propio bat asmatu da, pertsonaia eta jantzi berrirekin. Janzkerari dagokionean, dantzariek eta musikariek eramango dutena berezitu behar da. Dantzariena bakoitzak bere erara moldatuko du aurreko urteetan bezala, baina musikarienak erosi behar izan dira eta Oñatiko konde eta kondesaren jantziak berriz, egin-egingo dira. Aurten, Olaiturri antzerki taldearen arropak erabiliko dituzte baina datorren urterako herriko pertsonaia horiek janzteko arropa egingo da, beste zenbait elementu berritzearekin batea. Bi urteko gastuei aurre egiteko, kultura batzordeak ia 6.800 euroko partida onartu du inauterietako aurrekontuetan.

  Karnabaletako herri konpartsa otsailaren 9an irtengo da kalera. Goizeko 11 eta erdietan Olakuatik abiatuko dira eta kalerik kale ibiliko dira Oñatiko inauteriaren dantza berriak erakusten. Amaierako ekitaldia plazan egingo da iluntzeko 8etan.

  Domekan ere dantza nagusi izango da. Ohitura dutenez, Oñatz taldekoek Luzaideko inauteri dantzak kalez kale erakutsiko baitituzte arratsalde-ilunkaran, Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoi eta perkusioko ikasleak lagun hartuta. Aurrez, domeka eguerdian (12:45) Musika bandak, kontzertua eskainiko du Santa Ana aretoan. 

  Baina atzo etxeetara banatzen hasi ziren inauterietako egitarauan Gaztelekuan izango diren beste bi musika eskaintza jaso dira datozen bi ostiral hauetarako: otsailaren 1ean, ERASO eta SHARON STONER taldeen kontzertua izango da eta otsailaren 8an berriz, Oihan VEGA DJak dinamizatutako disko festa.

  Baina ekitaldi nagusiak, asteartean eta publiko gaztetxoari begira antolatutakoak izango dira. Arratsaldeko 5etan KIKI, KOKO eta MOKO pailazoen eskutik NATURA GARA ikuskizuna izango da Gaztelekuan. Lekua azpimarratu behar da, orain arte halako ikuskizunak kiroldegian egin baitira. Gaztelekua adin guztietako herritarrei irekitzeko ahaleginean, bertan programatu da inaute martitzeneko pailazo ikuskizuna.

  Parrokiako misio taldeak urteroko elkartasun txokolatada egingo du plazan eta Alaiki taldeak girotutako erromeria izango da 6etatik 9.30tara. Tartean, 6.30tan, Txorimaloak kalera irtengo dira.

  Aurtengo inauteri egitarauan antzerkia ere ez da falta. Otsailaren 17an, arratsaldeko 7 eta erdietan, HUTS TEATRO taldearen eskutik “publikoari gorroto” antzezlana ikusi ahal izango dugu Santa Ana aretoan. 

  Guztira, inauterietarako antolatu diren ekitaldi ezberdinak gauzatu ahal izateko kasik 10.500 euroko diru partida onartu da. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!