Ikastetxe eta guraso elkarteen 2018-19 ikasturteko dirulaguntzen likidazioa onartu berri du udalak

2019/12/27
2019-2020 ikasturte honetarako deialdia egitea ere onartu du

  Udalak 87.000 euroko diru partida zuen herriko ikastetxeek eta bertan dihardute guraso elkarteek 2018-2019 ikasturterako aurkeztu zituzten egitasmoak gauzatzeko, nahiz eta jaso ziren proposamenen arabera, ia 91.000 banatzea onartu zen, maiatzean. Hala, hitzemandako dirulaguntzen % 60a banatu zitzaien eta gainontzekoa, irailean likidazioa aurkezterakoan ordainduko zela azaldu zen. Ohikoa izaten da ikasturte hasierako asmo eta proiektu guztiak ez betetzea, edo aurreikusitakoa baino  merkeago egitea. Horregatik dirulaguntzen zuritze edo likidazioa fakturak aurrean direla egiten da eta aurreikusitakoa eta gastatutakoaren arteko diferentzia kalkulatu eta ordaintzen da.

  Aurreko ikasturteko dirulaguntzen likidazioan udalak 31.632 euro banatuko ditu: 30.714 euro, 0-18 urte bitarteko hezkuntza eskaintzen duten bost ikastetxeen artean eta gainontzeko 918 euroak, ikastetxeetan diharduten guraso elkarteen artean. Onartu berri den likidazioa gauzatuta, ez da guztiz agortuko udalak diru laguntza hauetarako zuen diru partida. Hasieran gorde zen 87.000 euroko diru partidatik 885 euro banatu gabe geratuko direlako.

  Ikastetxeei eman ohi zaizkien dirulaguntza hauek ikasle kopurua, urteko ekintza programa edota eskola kirola egitasmoan duten partaidetza besteak beste, kontutan hartuta kalkulatzen da. Guraso elkarteei dagokionean, aurkezten duten ekintza programa da baloratu eta diruz babesten dena. 2018-2019 ikasturtean, Zuazola-Larraña, Elkar Hezi, Errekalde herri eskola eta Txantxiku ikastolako guraso elkarteek jaso dute udalaren dirulaguntza.

  Aurreko ikasturteko gastuen likidazioa eginda, 2019-2020 ikasturte honetarako dirulaguntzak eskatzeko epea laster irekiko da. Deialdi berria egitea onartu zen pasa den asteko azken Gobernu batzarrean eta iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, egun gutxiren buruan.


Iturria: Oñati Irratia