Ikastetxe eta Guraso elkarteei zuzendutako udal dirulaguntzak otsailaren 11ra bitartean eskatu daitezke

2020/01/10
Deialdi-iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu da

  Herriko ikastetxe eta Guraso elkarteei eskaintzen zaizkien dirulaguntzak aspalditik ematen ditu udalak. Norgehiagoka prozedura bidez emateko ordenantza 2002an onartu zen eta 2017an, dirulaguntzen oinarriak egokitu eta berritu ziren. Ikastetxe eta Guraso elkarteek ikasturterako dituzten egitasmoak aurkezten dituzte eta horren araberako dirulaguntza jasotzen dute, beti ere, diru-muga baten barruan.

  Astean aipatu dugu 2018-2019ko dirulaguntzen likidazioa eta deialdi berrirako oinarriak onartu zirela abenduko azken Tokiko Gobernu Batzarrean. Aurtengo deialdirako iragarkia berehala argitaratu da, gaurko  Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu baita, eskaerak egiteko hilabeteko epea irekiz. Herriko ikastetxeek eta bertako Guraso elkarteek eskola jardueraz kanpo gauzatuko dituzten ekimenetarako 87.000 euroko diru partida dauka aurten udalak; 81.000 euro ikastetxeek aurkeztutako proiektu hezitzaileak gauzatzera bideratuko dira eta beste 6.000 guraso elkarteen jardun hezitzailea sustatzera. Eskaerak udal bulegoetan aurkeztu behar dira hilabeteko epean, otsailaren 11ra arte, hain zuzen ere.

  Udalak herriko ikastetxeei eman ohi dizkien dirulaguntza hauen banaketan, ikasle kopurua, eskola kirolean duten partaidetza edota hizkuntza normalkuntzarako errefortzu egitasmoak hartzen dira aintzakotzat, besteak beste. Guraso elkarteen kasuan berriz, gauzatuko den ekintza programa.

Iturria: Oñati Irratia