Ikastaroen eskaintza berreskuratu du Pake leku elkarteak, zazpi hilabeteren ondoren

2020/09/21
Lau ikastaro hasiko dituzte urrian

  Pintura, orratz lanak, yoga eta dantza linean ikastaroak dira Pake leku elkartean abian jarri asmo dituztenak. Horretarako, Covid-19ari aurre egiteko protokolo berezia landu dute. Ikastaroetan 10 lagunek parte hartu ahal izango dute, gehienez, eta sartzerako tenperatura hartu eta eskuak gel hidroalkoholikoz garbitzea eskatuko zaie. Musukoak erabiltzea beharrezkoa izango da, distantziak gordeko dira eta amaieran ukitu edo erabilitako materiala garbitu egingo da.

  Yoga eta dantza ikastaroetako taldeak beteta daude jada. Dantzakoa jarraipen moduan planteatu da gainera, aurretik ibilita daudenei zuzenduta. Dena den, norbaitek interesa baleuka, zuzendaritzako kultura saileko kideekin harremanetan jartzea eskatzen da, talde berriren bat sortu baitaiteke. Berdin, pintura edo orratz lanak ikastaroetan parte hartzeko, kultura sailekoekin berba egin behar da. Astelehen eta asteazken goizetan egoten dira Pake lekuko bulegoan baina tabernan galdetuta kontaktua emango zaie.

  Pake lekuko bazkideak galdezka ari ziren bertako ikastaro eta jarduerak noiz hasiko ote ziren berriro eta, irakasleei galdetuta, aipatutako lauak abiatzea erabaki da. Gauzak nola doazen ikusiko da eta, ondo joanez gero, litekeena da, urtarrilean eskaintza zabaltzea. Bidaiak edota asteroko bingoa oraingoz ezinezkoak direla adierazi digu Pake lekuko zuzendaritzako ordezkari batek batzordeko buruak, jende asko erakartzen dituzten ekintzak baitira eta horixe da saihestu nahi dena. Baina kontzerturen bat edo beste ekitaldi puntualen bat antolatzeko aukera aztertzen ari dira.

  Covid-19ak eraginda egun batetik bestera bertan behera utzi behar izan ziren Pake lekuko ekintzak martxo erdialdean, ia leku guztietan bezala. Udaberri hasieran egin ohi den urteko batzar nagusia ere egin ezinda geratu zen eta ondorioz, zuzendaritza batzordea berritu gabe dago. Taldeko kideek jarraitzea erabaki dute eta aurten ez da batzarrik egingo. Datorren urtean, martxo-apirila aldera, ahal bada, urteko batzarra deitu eta batzordea berritzeko hautagaitza aurkeztuko dute.

Iturria:Oñati Irratia

Pake lekuko ikastaroetan margotutako hainbat lan