Ia 497 mila euro jasoko ditu udalak aurten Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kontzeptuan

2018/10/01
Kopurua iazkoaren pare mantentzen da, nahiz eta errezibo bat gutxiago bideratuko duen

  Urtean milioi bat euro baino gehiago fakturatzen duten enpresek ordaindu behar dute Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga. Ordaindu beharrekoa asko izaten da eta baten gora behera nahikoa da udalak izango duen diru sarreran nabarmen eragiteko. Pentsa, aurten, 172 errezibo bideratuko da eta horrek ia 497 mila euroko sarrera eragingo dio udalari.

  Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kalkulatzeko enpresen fakturazioa oinarrizko aldagaia den arren, langile kopurua  eta beste zenbait faktore ere kontutan hartzen dira. Eta Oñatiko enpresen kasuan aldagai berri bat ere begiratu zen iaz lehen aldiz: enpresa bakoitzaren negozio bolumena. Negozio zifra garbiarekiko koefizientea aplikatu zuen udalak IAE deritzona kalkulatzerakoan. Gipuzkoako ogasunak dituen datuen arabera, eta beti ere enpresa bakoitzaren negozio bolumena oinarri hartuta, aplikatzen den koefizientea aldakorra da, negozio bolumen handitu ahala koefiziente altuagoa aplikatuz. Udalak 2017an aplikatu zuen estrainekoz aipatu koefiziente hori.

  IAE deritzona ordaindu behar duten enpresa gehienek ordainketa helbideratuta dute. Horiei dagokien kargua azken egunean, azaroaren 12an egingo zaie. Karguaren data jakinaraziz eta udalaren esku dauden kontu korronte eta bestelako datuak egiaztatu ditzaten eskatuz gutuna bidaliko zaie udaletxetik. Gainontzekoei, hau da, ordainketa helbideratu gabe duten 50 enpresei, erreziboak postaz bidaliko zaizkie aste honetan bertan, ordaintzeko borondatezko epea azaroaren 12an amaitzen dela gogoratuaz.

Iturria: Oñati Irratia