Ia 160 gaztek parte hartuko dute Oñatin ostiralean izango diren Gipuzkoako Eskolarteko sariketetan

2017/03/01
Card image cap
Idatzizkoa Txantxiku ikastolan egingo da eta bat-batekoa Larrain Gain elkartean

  Gipuzkoako 37. Eskolarteko Txapelketari dagokion  idatzizko sariketa nahiz bat-bateko kanporaketetako bat Oñatin jokatuko da etzi, ostiralez. Azken urteotako bideari jarraituz, Eskolartekoaren barruan hiru ekimen biltzen dira: idatzizko sariketa eta saio didaktikoak eta bat-bateko txapelketa.

  Idatzizko sariketan Oñati, Arrasate, Bergara, Aretxabaleta eta Eskoriatzako neska-mutikoek parte hartuko dute, 150en bat ikaslek. Hitzordua, Txantxiku ikastolan 15:00tan izango dute. Ordubetean egin beharreko lana, emandako gaiari bertsoak jartzea izango da. Ondoren, 17:00tan, aurrez prestatutako saio didaktikoa egingo da Santa Ana aretoan. Bat-bateko txapelketa berriz, ilunkaran jokatuko da. Larrain Gain elkartean eta bertso afari giroan, 15-18 urte bitarteko sei bertsolari lehiatuko dira: Aitor Tatiegi oñatiarra eta Oihana Arana, Naroa Aguirre, Iraitz Sarasola, Josu Ibarguren eta Maddi Aiestaran.  Bat-bateko saio honetarako txartelak www.bertsosarrerak.eu atarian erosi daitezke 12 €ren truke. Gaur da txartelak eskuratzeko azken eguna.

  Aipagarria da bat-bateko txapelketa honetan 33 bertsolari gaztek hartzen dutela eta horietatik zazpi oñatiarrak direla. Hiruk beren kanporaketa izan dute eta Urko Arregik Azpeitian jokatuko den finalerako txartela lortu du jada.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!