Hondakinen bilketa sistemaz egingo diren galdeketetan, gutxieneko bilketa tasa bermatuko duten sistemen artean galdetzea eskatu du Oñatiko Zero Zabor taldeak

2015/10/29
Card image cap

  Bergara, Eskoriatza eta Aretxabaletako alkateek, hondakinen bilketa sistemaren inguruan herri galdeketak egin asmo dituztela eta, Oñatiko Zero Zabor taldeak prentsa oharra kaleratu du. Debagoiena, Europa mailan erreferente bihurtu dela gogorarazten du idatziak, hondakin bilketa sistema ezberdinak izanagatik, %80 inguruko birziklapen maila lortu delako. Hala, Bergarako sistema mixtoa edo Arrasateko edukiontzi kontrolatuen sistemak ere emaitza oso onak eman dituela zehaztu du Oñatiko Zero Zabor taldeak bere idatzian.

  Era berean, Zero Zabor taldeen helburu nagusia ekonomia lineal xahutzailetik ekonomia zirkular eta efiziente batera igarotzea dela gogorarazten da. Eta horretan dagoela, taldeak hondakinen bilketa eraginkorra bermatuko duten sistemen alde egiten duen apustua. Gaur egun ezagutzen den sistema eraginkorrena atez atekoa dela aipatzen du Oñatiko Zero Zabor taldeak bere idatzian, baina esan bezala, Bergara eta Arrasateko sistemek ere emaitza onak eman dituztela onartzen du. Izan ere, helburuak eta bitartekoak ez direla nahastu behar gaineratzen du. Alegia, bitartekoak ezberdinak izanda ere, guztiek helburu berbera izan behar dutela, material konpostagarri eta birziklagarriak errefusera botatzea ekiditea.

  Horregatik, Bergara, Eskoriatza eta Aretxabaletan antolatu asmo diren galdeketetan eraginkortasuna erakutsi duten sistemen artean aukeratzea eskatzen du Oñatiko Zero Zabor taldeak. Hau da, gutxienez %70eko bilketa tasa bermatzen duten sistemen artean galdetzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!