Hirukar, Altuna, Ibarrondo eta Haritza liburu dendek bat egin dute Diputazioko “Kultura bonuak” ekimenarekin

2020/07/13
Bihar-etzi eskuragarri egongo dira

  Piztu Kultura egitasmoaren baitan autonomoentzat laguntza lerroa eta uda sasoirako aparteko Kultur Bonuak bateratu ditu Foru Aldundiak, Covid-19ak eragindako galerak arintzeko helburuz.Gipuzkoako 65 denda  atxiki dira udako kultura bonuen kanpainara, tartean Oñatiko lau. Bat egin duten saltokietan bereizgarri bat jarriko da, bonua eskuratu nahi duenak erraz identifikatu ditzan.

  Produktuak erosteko bonuek 12 edo 8 euroko hobaria izango dute hizkuntzaren arabera. Euskarazko liburu, disko edo DVDak erosteko hobaria 12 eurokoa izango da eta beste hizkuntzaren batean daudenak erosteagatik 8 eurokoa, kasu guztietan, bonuaren prezioa 20 eurokoa izango da eroslearentzat. Gaur ekin dio Aldundiak bonuak banatzeari eta bihar-etzi jada salgai izango dira liburu dendatan. Guztira, 10.416 kultura bonu jarriko dira salgai: 4.168 euskarazko kultur produktuetarako izango dira, eta 6.258 beste hizkuntzetako kultur produktuak erosteko.  Kultura departamentuak 100.000 euroko partida bideratu du ekimenerako. Euskarazkoak gutxiago dira baina hobari handiagoa dute , 20eurotan erosi eta 32 euroko balioa duten produktuak eskuratzeko aukera ematen dutelako.

  Oñatin, lau dira Foru Aldundiaren ekimenera bildu diren liburu dendak: Hirukar, Altuna, Haritza eta Ibarrondo. Lauretan, liburuak, musika edozein euskarritan eta filmak erosteko bonuak eskuratu ahalizango dira bihar-etzitik aurrera, eta noski, bertan gastatu ere bai. Produktuak erosteko bonuak, irailaren 30era arte erabili ahal izango dira.

  Kultura Bonoen eskaintza Gabonen bueltan egin ohi du Gipuzkoako Aldundiak baina aurten udako eskaintza berezia ere egitea erabaki du, Covid-19ak eragindako galerak arintzeko neurri gisa.

Iturria: Oñati Irratia