Herriko ikasleek hondakinen inguruan hainbat proposamen aurkeztu dizkiete goizean udal arduradunei.

2013/05/22
Eskola agenda 21aren baitan aurten aztertu duten gaia da.

  Haur, lehen eta bigarren hezkuntzan diharduten herriko ikasle guztiek hartu dute parte eskola agenda 21ean, 1.500 ikasle inguru. Bakoitzak, bere mailan, hondakinen gaia Oñatin nola dagoen aztertu du. Herrian, hondakinen bilketa sistema aldatzea doan honetan, gazteenak ere gaia lantzea egoki ikusi zen eta horretan eman dute ikasturtea.

  Hasieran, oinarrizko hainbat kontzeptu ikasi eta landu dituzte eta ondoren, ekintza ezberdinak garatu dituzte egoeraren diagnostikoa egin eta ikusitako akatsak nola konpondu daitezkeen zehazteko. Alde horretatik, ikasleak egoera hobetzeko hainbat konpromiso hartzeko prest agertu dira. Baina udalak ere hainbat neurri bideratu ditzakeela eta, horiek proposatzera joan dira gaur goizean udaletxera.

  Hondakinen gaia, inguru ezberdinetan aztertu dute. Eskolan, etxean nahiz kalean galdeketak osatu dituzte, herritarren jokabideak aztertu eta arazoak identifikatu dituzte.

  Bidea, ahalik eta hondakin gutxien sortzea dela ondorioztatu dute eta sortzen denetan ahalik eta hoberen sailkatzea berrerabili edo birziklatu dadin. Alde horretatik, sentsibilizazio kanpainak egitea proposatzen dute. Produktuen bildukinak murriztu eta arrandegi eta harategitan tuperren erabilera sustatzea ere proposatu dute.

  Oñatin jarri asmo den atez atekoaren inguruan ere hainbat ekarpen egin dute gaztetxoek: ordutegia zabaltzea, hondakin frakzio guztiak egunero biltzea eta adineko pertsonei atez atekoa egiteko modua erraztea. Ikasleek eurek, nagusi horiei laguntzeko konpromisoa hartu dute.
Baina guztiak ez dira proposamen edo hitzezko konpromisoak. Ikusitako akatsak zuzentzeko ekintza konkretuak ere  martxan jarri baitituzte jada: eskola jangeletan oihalezko zapiak erabiltzen hasi dira paperezkoen ordez eta konposta egiten hasi dira.

  Baina beste zenbait arazo konpontzeko erakundeen laguntza behar dute eta horixe azaldu eta eskatzera hurbildu dira gaur udaletxeko areto nagusira. Aurkezpen ekitaldian alkateak, ingurumen zinegotziak eta teknikoek parte hartu dute.

  Amaieran, iaz egin baina oraindik bideratu ez diren hainbat hainbat eskaera gogora ekarri dizkiete udal ordezkariei: bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzea edota institutuko sarrera inguruan dauden eskailerak kendu eta arrapala egokitzea irisgarritasuna hobetzeko.

Iturria: Oñati irratia