Herriko enpresetan proiektuak garatzeko Oñatiko titulatu berrientzat bekak sortu ditu Udalak

2015/03/02
Titulatu berriei lan esperientzia hartzeko aukera ematea da helburua

  Sozioekonomia Forotik bultzatu den ekimenak udalbatzaren erabateko babesa lortu zuen osteguneko Osoko Bilkuran. Helburua bikoitza da, Oñatiko titulatu berriei lehen lan esperientzia kualifikatuak erraztea batetik, eta bertako enpresei titulatu berrien gaitasun profesionala ezagutzeko aukera ematea bestetik. Horretarako udalak herriko titulatu berrien poltsa osatuko du eta bertatik, herriko enpresetan proiektuak garatuko dituzten gazteak aukeratuko dira. Gazte hauek beka izaerako ordainsaria jasoko dute praktika ez laboralak egitearen truke.

  Titulatu berrien poltsan sartzeko oinarrizko bost baldintza bete behar dira: Oñatin erroldatua egotea gutxienez 2014ko urtarrilaren 1a baino lehenago; gradu edo master titulua izatea edo diplomatura, lizentziatura, goi mailako lanbide-heziketako titulua edukitzea edo 3. mailako profesionaltasun agiria izatea aurrez burututako goi mailako lanbide heziketa ziklo batekin erlazionatua; karrera amaierako proiektua egiten ari direnak ere onartuko dira, dagokion unibertsitateak hala kreditatuta. Praktikarekin lotutako tituluak bi urteko antzinatasuna ez izatea ere eskatzen da, alegia, eskaera egiten den unean titulua eskuratu zenetik 2 urte baino gehiago ez pasa izana; eta proiektua hasteko unean Lanbiden, langabe moduan izena emanda egotea.

  Bekak 3 eta 6 hilabete arteko iraupena edukiko du, proiektu bakoitzaren beharraren arabera, eta bekadunak, eguneko 6 orduko lan jarduna beteta 600 €-ko ordainsaria jasoko du hileko. Proiektuaren jabe den enpresak ordainduko dio bekadunari hilero. Proiektua bukatu eta ordainketa horiek justifikatutakoan, Udalak ordainduko dio enpresari bekadunaren ordainsarien gastuak. Programa hau garatzeko Udalak, 40.000€tako diru partida izango du.

  Proiektuak aurkezteko enpresek ere oinarrizko bi baldintza bete beharko dituzte: enpresaren  helbide soziala Oñatin egon beharko da eta 100 langile baino gutxiago dituen enpresa izan beharko da.

  Mondragon Unibertsitateak eta Saiolanek ere parte hartuko dute egitasmoan, garatu beharreko proiektu bakoitzeko tutorea izendatuko baitute.

  Azken Osoko Bilkuran aho batez onartutako titulatu berrientzako beka hauen inguruko informazioa emateko bilera  egingo da etzi, eguaztenean. 100 langile baino gutxiago duten enpresei zuzendutako bilera, arratsaldeko 7etan hasiko da udaletxeko areto nagusian.

Iturria: Oñati irratia