Herriko elikagai denda guztiek parte hartzen dute Elikagaien Bankurako janari bilketa handian

2015/11/27
Produktuak uzteko karroak ez ezik, itxulapikoak ere jarri dira

  Gipuzkoako Elikagaien Bankuak deituta urteko janari bilketa kanpaina nagusia egiten ari dira asteburuan. Oñatin ACESMA elkarteak koordinatzen du kanpaina, eta herriko saltoki guztietan egiten ari dira bilketa gaur eta bihar: Eroski, Super BM, San Migel kooperatiba eta DIAn. Guztietan, janariak uzteko karroak jarri dira eta dirua batzeko itxulapikoak ere bai. Sarreran, zer nolako produktuak behar diren zehaztuz orritxo bat emango diete bezeroei baina edozein etxetan jaten direnak eskatzen dira. Hala ere, Bergarako zentrotik gosaritarako esnea, gailetak eta kakaoa eskatu ziren eta baita haurrentzako esne egokituak eta potetxotan gertatutako jakiak bereziki.

  Produktuak uzteko karroak ez ezik, itxulapikoak ere jarri dira ordainlekuetan. Diru horrekin, batutakoa garraiatzeko beharrezkoa den errekaia edo bestelako janariak erosiko dira.

  Aipagarria da Oñatin, IO ileapaindegiak ere bat egin duela kanpaina honekin eta gaur eta bihar eskaintzen dituen zerbitzuengatik jasotako diruaren zati bat Elikagaien Bankura bideratuko du.

  Janarien Bankuak beharra duen jendeari urtean zehar banatzen dien jakien zati handi bat gaur eta bihar gauzatuko den kanpaina honen bidez lortzen da. Iaz, esaterako, Gipuzkoa osoan 575 mila kilo batu ziren. Aurten, helburua, gutxienez, beste horrenbeste batzea da. Horregatik, aurten ere parte hartzeko deia luzatzen zaie herritarrei.

Iturria: Oñati Irratia