Herriko 7 komertziok "Singular Dendak" programan parte hartzen dute

2017/11/10
Egitasmoa Gipuzkoako Merkatarien Federazioa eta udalaren elkarlanaz gauzatzen ari da

  Singular dendak egitasmoaren helburua, tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Programa Gipuzkoako Merkatari Elkarteak 2014an sortu zuen eta ikasturte honetan Debagoienera zabaldu du, Arrasate eta Oñatiko udalen lankidetzaz.

  Herriko dendariei egitasmoaren aurkezpena uztailean egin zitzaien eta zazpi komertziok parte hartzea erabaki zuten. Era berean, udalak, 3000 euroko ekarpen ekonomikoa egitea erabaki zuen programa gauzatu zedin.

  Singular dendak programa martxan da jada. Parte hartzen duen komertzio bakoitzera bisitak eta arduradunekin banakako elkarrizketak egin dira eta formakuntza saioak hasi dira. Urtea amaitu bitartean taldekako 5 prestakuntza saio egingo dira, bi Oñatin eta hiru Arrasaten, egitasmoan bi herrietako komertzioek parte hartzen baitute. 

  Singular dendak programaren lehen proba pilotua 2014-2015 ikasturtean egin zen Donostialdean baina lurraldeko komertzioetara zabaltzen ari dira geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz laguntzen duen programa baita. Parte hartzeko oinarrizko baldintza bat bete behar da, dendak eta bertan lan egiten dutenek gutxienez bi urteko antzinatasuna izatea. Singular dendak programa osatzen ari diren Oñatiko 7 komertzioak hauek dira: Amalur belardenda, Chic arropa denda, Irizar estankoa, Maibi dekorazio eta ehungintza, Arkauz optika, Sua bitxitegia eta Urzai denda.

Iturria: Oñati Irratia