Hauteskunde mahaitan egon beharko duten presidente, bokal eta ordezkoei jakinarazpenak banatzen hasi dira

2020/06/15
Goizean egin da 135 herritar izendatzeko zozketa

  Uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 15 mahai irekiko dira Oñatin. Mahai bakoitzerako presidente bat eta bi bokal izendatu dira, 45 guztira, eta horietako bakoitzak gainera bina ordezko izango ditu, titularrak ezintasunen bat baleuka haren lekua betetzeko. Udaletxean 10:00tan egin den zozketan ez da izenik atera, zenbakiak baizik. Ondoren, zenbaki horiek dituzten hautesleak identifikatu dira eta izendapenen jakinarazpenak prestatzen hasi dia. Arratsaldean berriz, lehen jakinarazpenak banatzeari ekin diote udaltzainek. Etxera joaterakoan izendatutakoa ez badago, berriro bueltatuko dira. Oso garrantzitsua baita izendapenak eskura ematea interesatuak jaso duela ziurtatzeko.

  Legez, derrigorrezkoa da hauteskunde-mahaiko presidente edo bokal lanak betetzea. Badira ordea, hori ez betetzea justifikatu dezaketen hainbat kasu. Halakoren batean dagoenak, jakinarazpen orria jasota zazpi eguneko epea du alegazioak aurkezteko. Alegazio-eredu bat gertatu dute udaletxean eta hori beteta, eta alegazioan adierazitakoa egiaztatzen duten agirien kopiak, HAZ bulegoan presentatu ahal izango dira, bertatik Bergarako Hauteskunde Juntara bidaltzeko,honen ardura baita onartu ala ez. Gogoratu HAZ bulegora joateko aurrez hitzordua hartu behar dela.

  Gaur amaitzen da bestalde, ikusmen arazoak dituztenentzat botoa braillez eman ahal izateko eskaera egiteko epea. Eta gogoratu, uztailaren 12an botoa zuzenean dagokion mahaira eraman ezin duenak postaz eman dezakeela. Horretarako eskaera epea zabalik dago uztailaren 2ra arte. Datorren astelehenean bertan hasiko dira botoa postaz ematea eskatu dutenei dokumentazioa bidaltzen eta hori jasota, eta gustuko hautagai zerrenda aukeratuta, astelehenean hasi ahal izango da baita ere, posta bidezko botoa ematen.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: Goiena)