Hasi dira Gabonetako argiteria eta apaingarriak jartzen

2018/11/22
Abenduaren 13an piztuko dira

  ETRA NORTE enpresa arduratuko da aurten ere Gabonetako apaingarriak jartzeaz. Lehen elementuak jartzen hasi dira Bidaurreta inguruan, goizean. Helburua, apaintze lanak gaur bertan amaitzea da, eta gaur ezin bada, bihar.

  Iazko apaingarriekiko aldaketa batzuk egitea eskatu zuen udal gobernu batzarrak: udaletxean Zorionak kartela jarri ordez Eguberri on edo Urte Berri on  jartzea eskatu zen. Bestela, plazako magnolioak argiz apainduko dira berriro, baita plazako erdiko zutoina eta arkupeak ere. Erdiguneko kaleetan ere apaingarriak jarriko dira, kale Zaharra, kale Barria eta Atzeko kalean. Eta beste horrenbeste egingo da herrigunerako bi sarrera nagusietan dauden biribilgunetan, Portalekuan eta Unibertsitate etorbidekoan. Hemen ere argi apaingarriak jarriko dira. Eta Bidaurretako izei handia ere argiz apainduko da. Goizean, horretan aritu dira langileak.

  ETRA NORTE enpresak argiak jarri eta kendu ez ezik, sistemaren mantentze lanak egingo ditu. Iaz ere enpresa honek egin zituen Gabonetako argiteria lanak. Elementu apaingarri ezberdinak gaur hasi dira jartzen eta ahal den neurrian gaur bertan amaitzen saiatuko dira. Piztu berriz, hiru aste barru,  abenduaren 13an piztuko dira. Argiak eta apaingarriak Gabonak amaitu arte, urtarrilaren 7ra arte mantenduko dira.

  Muntatze, desmuntatze eta mantenu lanak nahiz elementu apaingarrien  alokairuak, 11.377 euroko aurrekontua du.

Iturria: Oñati Irratia