Hasi dira 2020ko udal egutegia banatzen

2019/12/19
Euskaraldia eta UEMAren "Arnasa gara" kanpainei eta AMET eta Oñatz-en 50. urteurrenei keinu egin zaie

  Euskaraldia: gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan da 2020ko egutegiaren lema eta mezu nagusia. Abenduaren 3an euskara irudikatzen zuen argiari babesa ematen herritarrek osatu zuten taldeari ateratako argazkiak irekitzen du 2020ko egutegia. Baina Euskaraldia ez ezik, UEMAk martxan duen Arnasa gara kanpainari, Aloña mendiko espeleologia taldeak aurten bete dituen 50 urteei eta era berean, Oñatz dantza taldeak datorrenean ospatuko dituen urrezko ezteiei erreferentzia egiten zaie, horiek ere, argazki bereziz irudikatuta. Aldi berean, udalak aurten kaleratu zituen natura, kirola, jaiak eta kultura, historia eta monumentaltasuna, turismoa, industria eta euskara Oñatin bideo laburrei ere erreferentzia egiten zaie, argazkiz ez ezik, ikus-entzunekoetara eramango gaituzten QR kodeak txertatuz.

  Datorren urteko egutegiak orrikako diseinu berreskuratu du eta hilabete bakoitzak bere argazkia darama, guztira, 14 orriko kuadernoa osatuz. Egutegiko argazkiak, herriko argazkilariek ateratakoak dira, nagusiki. Egutegian herri mailan esanguratsuak diren jai eta ospakizun nahiz aldarrikapen egunak ere bereziki azpimarratuta agertuko dira, urtero bezala.

  Udal egutegiaren 900 ale egin dira eta ohikoa denez,  udal zerbitzu, ikastetxe, denda eta bestelako lokal publikoetara banatuko dira, banatzen hasi dira gaur bertan. Soberan geratzen direnak Turismo bulegoan eskuragarri jarriko dira, doan.

Iturria: Oñati Irratia