Hainbat auzo bide konpontzeko lanak hasi dira Koixkar aldean

2017/06/28
Card image cap
Uribarri, Arantzazu, Araotz eta Zubillagan ere hainbat baserri bide konponduko dira 2017ko planaren baitan

  2017ko auzo bideen konponketa plana apirilaren 24ko auzo alkateen foroan aztertu zen. Konpondu beharreko bideen zerrenda osatu zen eta beharren arabera, hobekuntza lanak egitea soilik edota asfaltatze lan handiagoak behar zituzten bideak zehaztu ziren, lehentasunak markatuz. Udalak dituen diru baliabideen arabera egingo dira zerrenda horretan lehenetsitako lanak. 2017rako osatu den auzo bideen konponketa planean Uribarrin, Arantzazun, Araotzen eta Zubillagan hainbat lan egitea aurre ikusten da. Uribarrin, Gorordo baserrirako bidea, bi zatitan konponduko da; Arantzazun, Arendui baserrirako bidean behera etorri zen zatia konponduko da; Araotzen, Andramaixako ermita pareko biondak zuzenduko dira eta Maiña aldera beste bi bide zati konponduko dira eta Zubillagan ere behera egin du Erguiña baserrirako bidearen zati batek eta huraxe konponduko da.

  Lanok, Excavaciones Arrasate enpresak egingo ditu. 40.000 euroko aurrekontua aurkeztu du horretarako. Baina Excavaciones Arrasate enpresa Koixkar aldean lanean ari da jada, aurrez adostutako beste konponketa batzuk egiten. Inguruko mendi batetik egurra ateratzen aritu ziren Koixkarrerako bidean kalteak eraginez. Kalte horiek konpontzeko akordioa lortu zuten udalak, arboladiaren jabeak eta Koixkarreko junta deritzonak. Bidean eragindako kalteak hiruren artean ordainduko dituzte.

  Koixkarko bidea konpontzeko lanak amaituta 2017ko planean jasotako beste auzo bideen konponketei ekingo diete Excavaciones Arrasate enpresako langileek.    

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!