Gonbidapen ugari jasota, Haurren Egunean parte hartuko duten neska mutiko guztiek herritarrekin bazkalduko dute domekan

2015/09/11
Oier Altzelai arduratuko da dantzari gazteei ongi etorria emateaz

  Haurren egunaren ospakizunetan ia 600 neska mutikoren partaidetza espero da. 13 talde arituko dira herriko kale eta plazak dantzez alaitzen. Aipagarria da, domekan gurera etorriko diren 330en bat haurrak herritarrek gonbidatuta etxeetara edo elkarteetara joango direla bazkaltzera. Oñatz dantza taldekoak oso pozik daude herritarren erantzunarekin, datozen haurrak baino gehiago hartzeko eskaerak jaso baitituzte. Haurren Egunari herriak ematen dion babes handia agerian uzten du. Haurren banaketa urtero bezala, 13.30etan egiten hasiko dira plazan.

  Haurrak herriko familiekin bazkaltzera joanda hauei laguntzen datozen arduradunak eta Oñatzeko laguntzaileak izango dira elkarteetara bazkaltzera joango diren bakarrak. Herriko bost elkarte azaldu dira hauek hartzeko gertu.

  Beste herri batzuetan Haurren Egunak ahultzen eta desagertzen ari diren arren, Oñatikoak indartsu jarraitzen du, aurtengoa 45.a izango da. Dantzari gaztetxoek lan handia egiten dute urtean zehar dantza berriak ikasten eta halako irteerak sari izaten dira eurentzat.

  Taldeei ongi etorria goizeko 10.15etan egingo zaie eta hamaiketakoa jan ondoren, 11.45tan, Alkate Txikiaren agurra jasoko dute. Aurten, alkate lanak, Oier Altzelaik beteko ditu. Ondoren, taldeak, herriko plaza eta kaleetan barrena dantzan ikusi ahal izango ditugu.Arratsaldean berriz, 17.00etan hasiko da haur dantzarien jaialdia, alardea. Plazan izango da baldin eta ateri badago. Eguraldi prebisioek ordea diote arratsaldean euria egin dezakeela. Hala bada, alardea Zubikoa kiroldegira aldatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Haurren Eguna (Iturria: Goiena)