Oñatiko udala

Gonbidapen ugari jasota, Haurren egunean parte hartuko duten neska mutiko guztiak herritarrekin bazkalduko dute domekan.

2014/09/12
Izar Bikuña arduratuko da dantzari gazteei ongi etorria emateaz.

  Haurren egunaren ospakizunetan, ia 600 neska mutikoren partaidetza espero da. 14 talde arituko dira herriko kale eta plazak beren dantzekin alaitzen. Aipagarria da, domekan gurera etorriko diren 330en bat haurrak herritarrek gonbidatuta etxeetara edo elkarteetara joango direla bazkaltzera. Oñatz dantza taldekoak oso pozik daude herritarren eskuzabaltasun hori ikusita. Haurren banaketa urtero bezala, arratsaldeko ordu bata eta erdietan egiten hasiko dira plazan.

  Haurrak herriko familiekin bazkaltzera joanda hauei laguntzen datozen arduradunak eta Oñatzeko laguntzaileak izango dira elkarteetara bazkaltzera joango diren bakarrak. Herriko bost elkarte azaldu dira hauek hartzeko gertu.

  Beste herri batzuetan Haurren egunak ahultzen eta desagertzen ari diren arren, Oñatikoak indartsu jarraitzen du. Dantzari gaztetxoek lan handia egiten dute urtean zehar dantza berriak ikasten eta halako irteerak sari izaten dira eurentzat.

  Taldeei ongi etorria goizeko 10ak eta laurdenetan egingo zaie eta hamaiketakoa jan ondoren, eguerdi aurretxoan, 12ak laurden gutxitan, alkate txikiaren agurra jasoko dute. Aurten, Alkate lanak, Izar Bikuñak beteko ditu. Ondoren, taldeak, herriko plaza eta kaleetan barrena dantzan ikusi ahal izango ditugu. Arratsaldean berriz, 5etan hasiko da haur dantzarien jaialdia, alardea.

  Aurtengoa 44. Haurren Eguna izango da. Urte horietan zehar asko eta asko dira plazan dantza egin duten neska mutilak. Horietako zenbait arduradun eta laguntzaile lanetan arituko dira domekan. Antolatzaileen taldea 80ren bat lagunek osatzen dute.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!