Gomiztegi baserriaren egunerokoa ikusgai "Ongi etorri baserrira" ekimenaren baitan

2018/06/12
Gipuzkoa eta Bizkaiko 30 baserritako ateak irekiko dira uztailaren 6 eta 7an

  ENBA sindikatuak 2014an abiarazitako ekimena da Ongi etorri baserrira!. Aurten, bosgarren aldiz errepikatuko da, uztailaren 6an eta 7an. Hasieran Gipuzkoako baserritako ateak ireki ziren eta eskaintza Bizkaiko beste hainbatekin osatuz joan da. Aurten, guztira, 30 baserri bertatik bertara ezagutu ahal izango dira, 30 baserri, 30 famili eta beste horrenbeste nekazal ustialeku.Izan ere, egitasmoak, hainbat helburu baititu: landaguneari balorea eman, barnealdeko zonaldeko turismoa sustatu eta herri gastronomia goratu. Baserritarrek kalitatezko produktuak sortzeaz gain, ingurumena eta paisaia zaintzen duten subjektu aktiboak direla ezagutzera eman eta gizarteratu nahi da.

  Gomiztegi baserriak egitasmo honetan parte hartuko du. Egitasmoaren beteranoetako bat da Gomiztegi, orain lau urte, ekimena martxan jarri zuten 8 baserrietako bat izan baitzen eta urtero bertako ateak bisitariei ireki baitizkie, bertatik bertara ezagutu dezaten. Uztailaren 6an izango da Gomiztegi bisitatzeko aukea. Aurten ezagutu daitezkeen 30 baserrietako bakoitzak bere berezitasuna du, Gomiztegin, artaldea eta gazta ekoizpena dute baina eskaintzan, baserriko oilaskoak, haragitarako behiak, barazkiak, txakolina, txerriak edota sagarrak eta sagardoa ekoizten dutenak ere ezagutu daitezke.

  Baserriak ezagutu nahi dituzten banakako, familia edo taldeek izena aurrez eman behar dute. Horretarako epea ekainaren 30an amaituko da. Bisita bakoitzean, produktu dastaketa edota ekintza osagarriak antolatuko dira. Ongi etorri baserrira! ate ireki jarduna doan izango da eta baserriaren arabera, uztailaren 6an edo 7an egin ahal izango da. Izen-ematea internet bidez egin behar da: www.ongietorribaserrira.eus atarian sartuz.


Iturria: Oñati Irratia