Goiaz! Debagoieneko Lanbide Heziketaren Azoka astelehen eta asteartean egingo da

2019/04/05
Lanbide heziketa ezagutzera eman eta lan-merkaturako balizko aukera gisa aurkeztea da azokaren helburua

  Hala finkatu zen lehen edizioan eta hala mantentzen da 11.a izango den aurtengoan. Gazteei eta gurasoei ez ezik, langileei ere helarazi nahi zaizkie lanbide heziketaren balio eta aukerak. Baita ezaugarriak ere, hau da, lanbide heziketak enpresekin duen harreman estua eta formakuntza arloan zabalik uzten dituen aukera ugariak.

  Lanbide heziketako ikasleek enpresetan praktikak egiten dituzte beren formakuntza osatzeko helburuz. Gainera, geroz eta zabalduagoa dago lana eta ikasketak uztartzen dituen Dual sistema. Lanbide heziketa aukeratzerakoan, gainera, bide guztiek zabalik jarraitzen dute eta unibertsitatean jarraitzeko edota, unibertsitatetik lanbide heziketara joateko aukera dute ikasleek, erdi mailako zikloak osatuta goi mailakoetara pasatzeko aukera ere bai.

  Eskualdean 7 ikastetxeetan eskaintzen da lanbide heziketa eta egun 1200 ikasle baino gehiago daude matrikulatuta, 24 ziklo desberdinetan. Guzti horren berri emango dute datorren aste hasieran ikastetxeek beraiek Goiaz azokan. Formakuntza zentroek eta udaletako sustapen eta enplegu zerbitzuek ere leku izango dute erakusmahaietan. Bakoitzak egiten duen eskaintza akademikoa azaltzeko azoka astelehen eta asteartean, 9:30tatik 13:30tara eta astelehenean, arratsaldez ere bai, 16:00tik 19:00tara zabalik egongo da, Arrasateko Kulturaten.

  Horren haritik, eta bereziki 15-19 urte bitarteko gazteen gurasoei zuzenduta, azokan barrena bisita gidatuak eta solasaldia antolatu dira astelehenerako. Nik ere lanbide heziketa ikasi dut izenburupean, halako formakuntza izan duten hainbat lagunek berba egingo dute. Gurasoek dituzten kezkak azaldu eta konpartitzeko aukera izango dute. Ondoren, bisita gidatua eskainiko zaie. Debagoieneko ikasleek ere azoka bisitatuko dute eta informazio orokorra jaso arren, beraien interesetik gertuen dauden zikloak ezagutuko dituzte bereziki.

Iturria: Oñati Irratia