Gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzat egokitu zen etxebizitza babestua erabiltzeko lehen eskaerak aztertuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2016/06/16

  Iazko urte amaieran onartu zen gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuen araudia. Aurrez, Errekalden, hartarako egokia litzatekeen etxea gertatu zen.

  Etxebizitza babestuak egonaldi motz-ertaineko ostatu kolektiboa eskaintzen du. Baina babeslekua ez ezik, erabiltzaileek, Udaleko gizarte zerbitzuko langileen arreta pertsonalizatua izango dute, gizartetik guztiz baztertuta geratu ez daitezen. Helburua, etxebizitza babestu hauen erabiltzaileak egoera normalizatu batera iristeko ibilbidea egitea baita, bizitza autonomoa izateko gaitasun pertsonalak, auto estimua, konfiantza pertsonala eta trebetasunak berreskuratu eta garatuz. Errekaldeko etxebizitza hori erabili ahal izateko lehen bi eskaerak jaso dira Ongizate Zerbitzuetan eta horiek aztertuko dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzordean.

  55 gaiko lan zerrenda osatu da. Hirigintza eta Zerbitzuetatik, lau tabernari errekerimendua egitea, Santa Anako komentua zeneko eraikinaren teilatua eraberritzeko lanen segurtasun eta osasun koordinazioa izendatzea, edota udaletxean berokuntza sistema instalatzeko lanak kontratatu izanaren berri emango da. Uztaila amaieran, Duruko bi urtean behineko festa ospatzeko baimen eskaera ere aztergai izango da.

  Emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteentzako 2016ko diru laguntza deialdiaz edota merkataritza eta zerbitzu establezimenduei zuzenduko zaien mugikortasun eko-sozialeko proiektuaren aurkezpenaz ere xehetasunak emango zaizkie arratsaldean, Udal Gobernu Taldea osatzen duten kideei.

Iturria: Oñati Irratia