Gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuen araudia hasiera bateko izaeraz onartu zen azken Osoko Bilkuran

2015/11/11
Card image cap
Dokumentua ikusi eta alegazioak aurkezteko, abenduaren 16ra arteko epea dago

  Gizarte zerbitzuen euskal sistemako prestazio eta zerbitzuen katalogoan, erakunde publikoen eskumenak zehazten dira. Udalen esku uzten dira adibidez, lehen mailako arretako gizarte zerbitzuak eta horien artean, gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuak. Oñatin, Udalak Errekalden duen etxebizitza bat hartarako prestatu da baina aldi berean, gizartetik baztertutik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuen araudia zehaztu da. Araudiak, etxebizitza babestuez, orokorrean berba egiten du eta ondorioz, egun erabilgarri legoken Errekaldeko etxe horren erabilera arautuko luke baina baita etorkizunean, xede horrekin Udalak prestatu ditzakeen beste batzuena ere.

  Gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuen araudia, urriko Osoko Bilkuran aztertu zen eta hasiera bateko izaeraz onartu zen. Orain, jende agirian dago, iradokizun, erreklamazio edo alegazioak egin ahal izateko.

  Aipatu araudiaren arabera etxebizitza babestuak egonaldi motz-ertaineko ostatu kolektiboa eskaintzen die gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonei. Baina babeslekua eskaini ez ezik, Udaleko gizarte zerbitzuko langileek arreta pertsonalizatuko plana osatuko dute erabiltzaile bakoitzarentzat, gizartetik guztiz baztertuta geratu ez dadin. Helburua, etxebizitza babestu hauen erabiltzaileak egoera normalizatu batera iristeko ibilbidea egitea baita, bizitza autonomoa izateko gaitasun pertsonalak, auto estimua, konfiantza pertsonala eta trebetasunak berreskuratu eta garatuz.

  Etxebizitza babestu hauen erabiltzaile izateko 18 urte edo gehiago izan behar da, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon behar da eskaera egin baino 6 hilabete lehenagotik gutxienez, eta Oñatin sustraitua egon behar da edota herrian familia loturak izan behar dira. Horrezaz gain, egonaldi motz edo ertaineko ostatuaren beharra izan eta gizarteratzeko ibilbidea egiteko prestutasuna erakutsi behar da. Hala, gizarteratzeko ibilbide soziolaborala edo okupazionala egiteko konpromisoa hartu behar dute etxebizitzaren erabiltzaileek. Alde horretatik, Lanbiden izena eman beharko du eta enplegu zerbitzutik edota gizarte zerbitzuetatik eskaintzen zaizkion prestakuntza ikastaroetan parte hartu beharko du eta lan eskaintza guztiak onartu beharko ditu. Atzerritarra bada, legezko egoera erregularizatzeko dokumentazioa tramitatu beharko du eta gaztelera ikasteko edo laneratzeko aukerak handitzeko Helduen Eskolara, edo Udal Euskaltegira joan beharko du. Horiek, etxebizitza babestu hau erabili ahal izateko bete behar diren baldintzetako batzuk dira. Hasiera batean onartu den arautegiaren arabera, egonaldia, gehienez, bi urtekoa izango da. Kasu oso berezietan ordea, epea luzatu daiteke.

  Erabiltzaileak, kuota bat ordaindu beharko du. Kuota hori, dauzkan diru sarreren arabera kalkulatuko da, poltsikorako gutxieneko kopurua bat izango duela bermatuta. Ordaindu beharreko hori ez da alokairua izango, kuota bat baizik. Udalaren kontura izango dira, argia, mantenimentua eta beste gastu batzuk.

  Baina dokumentua, bere osotasunean, udal bulegoetan edo udalaren webgunean ikusi daiteke eta iradokizunen bat edo erreklamazioren bat egin nahi duenak, horretarako aukera izango du abenduaren 16a bitartean. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!