Gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuen araudia behin betikoz onartu zen azken Osoko Bilkuran

2015/12/29

  Dokumentua, hasiera bateko izaeraz urriko Osoko Bilkuran onartu zen. Jende agirian egon zen 30 eguneko epean alegaziorik aurkeztu ez zenez, zegoenetan, behin betiko izaeraz onartu zen azken bilkuran. Aipatu araudiaren arabera etxebizitza babestuak egonaldi motz-ertaineko ostatu kolektiboa eskaintzen die gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonei. Baina babeslekua eskaini ez ezik, Udaleko gizarte zerbitzuko langileek arreta pertsonalizatuko plana osatuko dute erabiltzaile bakoitzarentzat, gizartetik guztiz baztertuta geratu ez dadin. Helburua, etxebizitza babestu hauen erabiltzaileak egoera normalizatu batera iristeko ibilbidea egitea baita, bizitza autonomoa izateko gaitasun pertsonalak, auto estimua, konfiantza pertsonala eta trebetasunak berreskuratu eta garatuz.

  Etxebizitza babestu hauen erabiltzaile izateko 18 urte edo gehiago izan behar da, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon behar da eskaera egin baino 6 hilabete lehenagotik gutxienez, eta Oñatin sustraitua egon behar da edota herrian familia loturak izan behar dira. Horrezaz gain, egonaldi motz edo ertaineko ostatuaren beharra izan eta gizarteratzeko ibilbidea egiteko prestutasuna erakutsi behar da. Hala, gizarteratzeko ibilbide soziolaborala edo okupazionala egiteko konpromisoa hartu behar du etxebizitzaren erabiltzaileak. Alde horretatik, Lanbiden izena eman beharko du eta enplegu zerbitzutik edota gizarte zerbitzuetatik eskaintzen zaizkion prestakuntza ikastaroetan parte hartu beharko du eta lan eskaintza guztiak onartu beharko ditu. Atzerritarra bada, legezko egoera erregularizatzeko dokumentazioa tramitatu beharko du eta gaztelera ikasteko edo laneratzeko aukerak handitzeko EPAra, helduen eskolara, edo Udal euskaltegira joan beharko du. Horiek, etxebizitza babestu hau erabili ahal izateko bete behar diren baldintzetako batzuk dira. Onartu berri den arautegiaren arabera, egonaldia, gehienez, bi urtekoa izango da. Kasu oso berezietan, dena den, egonaldia luzatu daiteke.

  Etxebizitza babestu hauen erabiltzaileak, kuota bat ordaindu beharko du. Kuota hori, dauzkan diru sarreren arabera kalkulatuko da, poltsikorako gutxieneko kopurua bat izango duela bermatuta. Baina ordaindu beharrekoa ez da alokairua izango, kuota bat baizik. Udalaren kontura izango dira etxebizitzaren argia, mantentzea eta beste gastu batzuk.

  Behin betiko izaeraz onartu berri den araudia orokorra da eta ez du etxebizitza konkreturik aipatzen baina Errekalden Udalak prestatu duen etxebizitza bat gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei babesa ematera zuzenduko da.

Iturria: Oñati Irratia