Gipuzkoako udalek agindu baino 107 milioi euro gutxiago jasoko dute Foru Funtsatik

2020/05/13
Murrizketa aurtengo ordainketetan aplikatuko da

  Apirila hasieran jada Markel Olano Diputatu Nagusiak alkateei jakinarazi zien Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa %20-25 artean murriztea aurreikusten zela. Atzo berriz, %20 murriztea erabaki zen Foru Dekretuz. Gainera, murrizketa aurten bertan aplikatzea ere onartu zen. Normalean, halako doiketa edo ajusteak hurrengo urteko otsailean egin ohi den likidazioan aplikatu izan dira eta dirua gerora itzuli behar izan dute udalek. Lehen aldia da murrizketa martxan den urte edo jardun ekonomikoan aplikatzen dela.

  Gipuzkoako udalek urte hasieran agindu zitzaiena baino % 20 gutxiago jasoko dute Foru Funtsatik, 107 milioi euro gutxiago. Oñatira etorrita, 1.650.233 euro gutxiago jasoko dira. Udalen Finantzaketarako Foru Funtsen ordainketa lau zatitan egiten du Diputazioak, hiru hilean behin. Hurrengo ordainketa orain, maiatzean tokatzen da eta aipatu murrizketa aplikatuta egingo da. Ez hori bakarrik, otsailean egin zen ordainketari dagokion itzulketaren zati proportzionala ere kenduko da. Ondorioz, Oñatiko udalak 1.512.714 euro jasoko ditu nahiz eta 2.062.791 euro agindu zitzaizkion. Maiatzean bezala errepikatuko da abuztuko eta azaroko ordainketetan, beste murrizketa berririk aplikatzea erabakitzen ez bada behintzat.

  UFFF kontzeptuan, Oñatiko udalak 8.251.166 euro jasotzea espero zuen aurten, udal aurrekontuaren % 48a, gutxi gora behera, baina 6.600.933 euro jasoko ditu azkenean, aurrekontuaren %38a pasatxo. Egoera delikatuan harrapatu du murrizketa honek Oñatiko udala: Zubikoa kiroldegia berritzeko lanetan guztiz murgilduta dagoela eta Covid-19ak eragindako ondorio ekonomiko eta sozialak leuntzeko ez-ohiko hainbat dirulaguntza lerro sortu dituenean.

Iturria: Oñati Irratia