Gaztelekuko hainbat zerbitzu kontratatzeko prozedura abian jarri du Udalak

2019/04/01
Eskaintzak aurkezteko epea apirilaren 15ean amaitzen da

  Zehar Heziketa eta Programak elkartea arduratu da azken lau urteotan Gaztelekuko zerbitzu ezberdinen kudeaketaz. 2014an esleitu zen kontratuan zeregin ezberdinak batu ziren: Gaztelekuko Kuboa eta Topalekuan arreta eskaini eta dinamizazio lana; 0-7 urte bitarteko haurren familiei zuzendutako Sotoan espazioaren kudeaketa egitea; Informazio-komunikazio gunearen ardura eta bestelako ekipamenduen kudeaketa. 2014an sinatu zen zerbitzu kudeaketa kontratua bete da jada eta esleipen berri bat jarri da martxan.

  Lizitaziora aurkezten diren enpresek lau hezitzaile jarri beharko ditu, gutxienez, eta urriaren 1etik apirilaren 30era arteko ostiraletan errefortzuko hezitzaile bat gehiago. Beste bi hezitzaile ere beharko dira, txandaka, eguneroko hezitzaileen atsedena bermatu ahal izateko. Hezitzaileek ez dute zertan Gazteleku barruko gune jakin bati erabateko lotura izan, nahiz eta komenigarritzat jotzen den, ikasturteka, erreferentziazko hezitzaileek tokitik ez aldatzea. Hezitzaileez gain, udalarekin harremanetan egongo den arduraduna ere izendatu beharko du enpresak.

  Gaztelekuko hainbat zerbitzu kontratatzeko lizitazio deialdian zehazten denez, koordinatzaile tekniko lanak egingo duenak, Gizarte arloko diplomatura edo gradua izan beharko du. Euskararen ezagutzari dagokionean, langileek C1 gaitasun maila izan beharko dute. Izan ere, udalarekiko nahiz erabiltzaileekiko harremanetan euskara lehenetsiko baita. Baldintzetan, egun Gaztelekuan ari diren langileen subrogazioa jasotzen  da, esleipena lortzen duen enpresak, indarrean dagoen araudia eta lan- hitzarmen kolektiboa bete beharko duela zehaztuz.

  Lizitazio baldintzetan, zerbitzuak bete beharreko ordutegi eta egutegia ere zehazten da. Eta zerbitzu gune ezberdinak asteartetik igandera arratsaldez ireki beharko direla azaltzen du. Zuzeneko arreta ordutegitik kanpo ere, Gaztelekuko eraikina asteartetik ostiralera goizeko 11:00tatik 13:00era ere zabalik dagoela bermatu beharko du enpresa esleipendunak.
Gehienezko lizitazio prezioa, urtean, 223.000 eurotan mugatu du udalak. Horrek esanahi du, enpresek, horren pareko edo merkeagoa den proposamena aurkeztu beharko dutela.

  Baina eskaintza ekonomikoa ez da zerbitzua esleipenean guztiz erabakigarria izango; 100 puntutik 51 eskuratzeko bidea emango du eta eskaintzaren kalitate tekniko eta profesionalak berriz, 49 puntu lortzeko aukera emango du. Atal honetan, proiektuaren helburu eta oinarritze teorikoak, lan metodologia, herriaren errealitatera egokitutako proposamena eta bestelako hobekuntza proposamenak landu beharko ditu lizitaziora aurkezten den enpresak.

  Lau urtetarako kontratatu nahi du udalak Gaztelekuko zerbitzuak kudeatuko dituen enpresa. Lizitaziora aurkezteko interesa dutenek apirilaren 15era arteko epea dute proposamenak udal bulegoetan presentatzeko.

Iturria: Oñati Irratia