Gaztelekuak prest du Kalean 2013 udako programazio berezia.

2013/06/28
Aurtengo eskaintzaren berritasuna egun berean ekintza ezberdinak antolatu eta elkarren segidan kateatzean datza. Publiko gaztetxoenari ere keinu egingo zaio.

  Udako arratsalde-gau parteko klasikoa da jada Gaztelekuak antolatutako KALEAN programazioa. Izenak ongi adierazten duenez, kultur eskaintza honen ezaugarri nagusia ekintzak, kalean eta herriko eszenatoki ezberdinetan programatzen direla da. Orain 15 bat urte hasi ziren udako eskaintza berezi hau egiten eta urteen joan-etorriak hainbat zita ia finko bihurtzea ekarri du. Hala, aurten ere, Surf festa ospatuko da herriko gune ezberdinetan eta kasik egun osoan zehar. Kirola, sardina erreak eta musika uztartuko dira. Abuztuaren 31rako finkatu da surf festa hori.

  Baina klasiko bihurtu diren zitez gain, bada berritasunik aurtengo KALEAN programazioan eta horixe, egun berean kateatu diren ekintza ezberdinak eskaintzea da.Uztailaren 19an eta 24an gertatuko da hori. Bi egunetan, Hego Afrikatik datozen musika talde bana entzun ahal izango ditugu: uztailaren 19an, TOUCHWOOD eta 24an, BCUC. Lehenak, arratsaldeko 19.30tan joko du San Anton plazatxoan eta horren segidan, TEATRAKALAKALLE taldearen eskutik, antzerki-kalejira eta su ikuskizuna izango dira. Uztailaren 24an, berriz, OZTOPOZ taldearen kale antzerkia izango dugu 20.00etan eta 22.30tan iragarritako BCUC taldearen kontzertua.

  Musikaren haritik jarraituz eta KALEAN programazioa osatuz abuztuaren 30ean, LEIZE, ECO D BUL eta BAGAUDA taldeen kontzertua izango da Atzeko kalean muntatuko den eszenatokian. Abuztuaren 31an, Surf festa ospatuko da eta irailaren 1ean amaitzeko, haurrei zuzendutako dantzaldi-antzerkia KANPANOLUE taldearekin. 

Iturria:Oñati irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!