Gaur ireki da Arte udalekuetan parte hartzeko izen-ematea

2017/05/09
Balizko partaideen adin tartea zabaldu da eta lehen aldiz, matrikula ordaindu beharko da

  Hainbat berritasun izango dute aurten Haur eta Gazteria departamentuak antolatutako Arte udalekuek. Partaideen adin tartea zabaldu da eta Lehen Hezkuntzako 3. mailatik, DBH 3. mailara arteko haur eta gazteak onartuko dira.  Orain arte, LH 6. mailakoak izaten ziren gazteenak. Adin tartea zabalduta partaide kopurua ere pitin bat handitu da eta gehienez 15 lagunek parte hartu ahal izango dute. Eta aurten lehenengo aldiz matrikula ordaindu beharko da. Arte udalekuak doan izan ohi ziren baina udalak eskaintzen dituen beste aisialdi ekintzekiko diferentziarik ez egitearren matrikula jartzea erabaki da. Dena den, udaleku irekietan egiten den bezala matrikula kostua merkatuz joango da izena ematen duten familia bereko partaide kopuruaren arabera. Hala, lehenengo seme-alabak 70 € ordaindu beharko ditu, bigarrenak 60, hirugarrenak, 50 eta laugarrenetik aurrera ez du ordainduko. Baina ordainketa ez da orain egin behar. Gaur ireki da Arte udalekuetan izena emateko epea eta onartzen direnei gerora adieraziko zaie dirua non, zein kontu korrontetan, sartu behar duten.

  Arte udalekuetan, izenak adierazten duen bezala, arte disziplina ezberdinak lantzen dira: marrazkigintza, eskultura, margogintza eta abar. Uztailaren 3tik 28ra izango dira aurten, 10:00etatik 13:00era.  Bidebarrieta kalean dauden eskulanetarako udal lokaletan izaten dira eta tarteka, inguruan dauden artelanak ikusteko edota museoren bat bisitatzeko irteerak egin ohi dituzte. Arte udalekuetan izena emateko Gaztelekura joan behar da . Gaur ireki da hartarako epea eta maiatzaren 26ra arte luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia