Gaur hasi da 2020-2021 master ikastaroa Lege Soziologia Institutuan

2020/09/21
Aurrez aurreko eta on-line bidezko ikastaro duala antolatu da, Covid-19aren ondorioz

  Ikastaro duala antolatu da ikasle eta irakasleen errealitateari eta munduko osasun egoera orokorrari erreparatuta, askok ezin izango dutelako Oñatira bidaiatu eta balizko konfinamendu berriak ezin direlako guztiz baztertu. Gauzak horrela, 11 herrialdetako 14 ikaslek osatuko dute master programa; 9 Oñatira bertaratzea espero da eta beste 5ek beraien herrialdetatik jarraituko dituzte masterreko mintegiak. Aipatu 14 ikasleek 2020-2021 master ikastaroa osorik beteko dute. Baina izango dira mintegi puntualak soilik beteko dituztenak. Batek dagoeneko izena eman du baina gehiago izatea espero da, mintegi solteetan izena emateko epea, ikastaroa hasi baino 15 egun lehenago ixten baita. Master ikastaroa osorik egingo duten ikasleak Australia, Uzbekistan, Iran Alemania, Peru, Espainia, Kolonbia, Finlandia, Palestina eta Euskal Herrikoak dira. Aurten, lau euskaldunek osatuko dute masterra, aspaldiko kopururik handiena.

  Ikasle batzuk ezin izango dute Oñatira etorri eta masterreko azalpenak aurrez aurre jaso baina irakasle batzuk ere zailtasun berbera izango dute. Horiek on-line emango dituzte beraien eskolak. Lehenengo hirurak dena den, unibertsitate zaharrean izango dira. Aste honetan EHUko Joxerramon Bengoetxeak ea Iker Nabaskuesek Comparative Legal Culture mintegia osatuko dute. Eta hala jarraituko da, astetik astera, 2021eko martxoaren 31ra arte.

  2019-2020 masterreko ikasleak hasi dira tesinak aurkezten. Batzuk idatzizko defentsa egingo dute eta beste hiruk berriz, birtualki, on-line egiteko hitzordua daukate.

  Oñatiko Lege Soziologia masterra ofiziala da, Madrilgo Hezkuntza Ministeriok onartutakoa alegia. Nazioarteko izaera dauka, bai ikasle eta irakasleen jatorriari dagokionean  eta baita ematen duen titulazioari dagokionean ere, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Milango Unibertsitateak babesten baitute.

Iturria: Oñati Irratia